Ahozko ondare kontsultagune bat Euskal kultur erakundean

2019-01-28  ¦  "Ahotsak" bilketa, Telebistako artxiboak, "Eleketa" programa, Artxibo soinudunak

Ahozko ondarearekin zerikusia duten hainbat ikus-entzunezko dokumentu daude kontsultagarri Euskal kultur erakundean, dagozkien jabe desberdinen baimenarekin beti. Baliabide numeriko horien ezagutarazteko Ahozko ondare kontsultagune bat sortu du bere egoitzan EKE-k, Uztaritzeko Lota Jauregian. Deneri irekia da baina hitzordua hartu behar da.

Norentzat da?

Kontsultagunea deneri irekia da (ikerlariak, ikasleak, artistak, kultur eragileak, kulturzaleak…) eta dohainik eskaintzen den zerbitzua da.

Noiz etor daiteke?

Ezinbestekoa da hitzordua hartzea aitzinetik. Hitzordua hartzen da 05 59 93 25 25 telefono zenbakira deituz, edo kontsulta@eke.eus emailera mezu bat bidaliz. Gunea ostirale goizez idekia da, 8:30tatik 12:30ak arte.

Zer kontsulta daiteke?

Gaur egun, ondoko funtsak daude kontsultagarri:

  • "Eleketa" ahozko bilketa programako lekukotasunak (340 lekukotasun)
  • Maite Barnetxe kazetariak 1971 eta 1986 artean zuzendu "Euskal Herria orai eta gero" telebista emankizunak
  • Prusiako Komisio fonografikoaren artxiboak (Alemania) - Lehen Mundu gerlako euskal presoen grabaketak (1916-1917)

Funts horien oinarrizko zerrenda www.mintzoak.eus webgunean aurkitzen ahal dira.

"SOKA, euskal dantzaren urratsetan" erakusketaren dokumentuak ere ikusgai/entzungai dira. Funts honi dagokion datubasea www.bilketa.eus atarian publikatu da jada eta laster www.soka.eus webgunean atxematen ahalko da.

Bestalde, www.mintzoak.eus atarian kontsultagarri ez dauden "Ahotsak" bilketa programako lekukotasunak (Iparraldean grabatuak) ikusten ahal dira, aitzinetik eskatuz gero (betiere programa honen arduraduna den Badihardugu elkarteak baimena eman ondoan).

Nola prestatu bisita?

Bilaketak egiten ahal dira erran bezala www.mintzoak.eus plataforman jakiteko zer kontsulta. Hitzordu bat hartzen ahal da ondotik, ikerketa-xedea azalduz.

Nola iragaiten da bisita?

Kontsulta egiten da beti EKE-ko langile baten ardurapean. Hor dago bilaketak errexteko eta aholkuak emateko. Aldiz ez ditu bilaketak bisitariaren ordez eginen. Informazio-fitxa bat eta barne-araudia izenpetu beharko ditu erabiltzaile bakoitzak. Fondoen arabera gerta daiteke ere beste informazio-fitxa edota erabilpen-baimena fitxa bete behar izatea. Ordenagailu bat emana da bisitariaren zerbitzuko. Hortik bakarrik dira artxiboak begiratzen/entzuten.

Kontsultatu materialaren kopia baten eskuratzeko urratsak?

Kontsultatzen ahal diren dokumentu gehien-gehienak ez dira Euskal kultur erakundearenak. Ondorioz ezin da materialaren kopiarik egin kontsultagunean. Kopia erabiltzaileak berak eskatu beharko dio jabeari.

Gehiago jakin

  •  Euskal kultur erakundeko Ahozko ondare kontsultagunea: Tel. 05 59 93 25 25 / kontsulta@eke.eus
CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.