Ipar Euskal Herriko ahozko ondarearen kontsultagunea

Ondare datubase batzuen kontsultatzeko parada erraztu nahiz, Euskal kultur erakundeak kultura ondare immaterialari buruzko ikus-entzunezko eta soinu fondo ezberdinen kontsultagune bat kudeatzen du Uztaritzeko Lota Jauregian. Kontsultagune horri esker, hitzordua hartuz gero, bisitariak EKE-ren funtsak  kontsulta ditzake, baita ere erakunde, elkarte edota pertsona desberdinek utzi bildumak.

Lota Jauregiko kontsultagunea © Euskal kultur erakundea

Norentzat da?

Kontsultagunea denei irekia da (ikerlariak, ikasleak, artistak, kultur eragileak, kulturzaleak…) eta dohainik eskaintzen den zerbitzua da.

Non dago kontsultagunea?

Euskal kultur erakundeak kudeatzen du kontsultagunea. Uztaritzen kokatua da, EKE-ren egoitzan, Lota Jauregian.

Noiz etor daiteke?

Ezinbestekoa da hitzordua hartzea aitzinetik. Hitzordua hartzen da Euskal kultur erakundera deituz - 05 59 93 25 25 telefono zenbakira - edo kontsulta@eke.eus email helbidera idatziz.

Zer kontsulta daiteke? 

Instituzio eta elkarte eragile ezberdinekin partaidetzak sortu ditugu. Ondorioz, kultura ondare immaterialari buruzko hainbat soinu eta ikus-entzunezko fondoren kopia numerikoak baditugu.

Partaideen artean aipa ditzakegu : 

  • Pirinio Atlantikoetako departamenduko Artxibotegia
  • Badihardugu elkartea
  • Ikus-Entzunezkoaren Erakunde Nazionala (INA - Pirinio-Tolosako ordezkaritza)
  • Berlingo Etnologia Museoa (Phonogramm-Archiv) & Berlingo Humboldt Unibertsitatea (Lautarchiv)

Anitzetan, fondo horien hedatzeko baldintzak ez dira beteak interneten zabal ditzagun Mintzoak atarian. Haatik, gure egoitzan, hau da Uztaritzeko Lota Jauregian, ikus/entzun daitezke.

Hona gaur egun EKE-ko egoitzan kontsulta daitezkeen funtsak:

  • Eleketa programaren ikus-entzunezko lekukotasunak (EKE - Pirinio-Atlantikoetako Artxibotegia);
  • Maite Barnetche-ren Euskal Herria orai eta gero (1971-1986) telebista emankizunak (INA);
  • Prusiako Komisio fonografikoaren Euskal presoen grabaketak Alemanian bilduak Lehen Mundu gerlan (Berlingo Etnologia Museoa [Phonogramm-Archiv] - Berlingo Humboldt Unibertsitatea [Lautarchiv]);
  • Ipar Euskal Herrian bildutako "Euskal Herriko ahotsak" egitasmoaren lekukotasunak (Eibar-eko Badihardugu elkartea);
  • "Iparraldeko herri-kantaera tradizionala. Intonazio neutro edo erdibidekoa" lanerako Agustin Mendizabal musikologoak (Oiartzun, 1967) egin dituen grabaketak.
  • Guillaume Irigoyenen soinu artxibo funtsa: Guillaume Irigoyenen 1990-1992 urte arteko soinu artxibo funtsan, elkarrizketak, kultura ekitaldien grabaketak, antzerki, bertsu-saio eta kantaldiak aurki daitezke, eta Jean-Paul Barthe Ainhoarrak Kalifornian bildu dituen Euskaldunen lekukotasunak; 
  • Urdin Euskal Herri irratiko (France Bleu Pays Basque) euskal artxiboen funtsa (1969-1990);
  • Beñat Achiary | Radio France funtsa (funts horretan aurkituko ditugu 1985 eta 1986 artean Beñat Achiary kantari eta bilketariak, eta Jean-Pierre Rollet teknikariak France Bleu Pays Basque irratiarentzat egin zinta magnetikoz osaturiko 14 oreneko bilketa);
  • Xipri Arbelbide funtsa (1382 oreneko soinu funtsa - Xipri Arbelbidek 1974 eta 1998 artean egin euskarazko irratsaioen grabaketak);
  • Jean-Michel Guilcher funtsa (1962 et 1975 artean ikerlariak Iparraldean, Nafarroan eta Biarnoan bildu dantza irudi filmatu mutuen bilduma).

Nola prestatu bisita?

Bilaketak egiten ahal www.mintzoak.eus plataforman jakiteko zer kontsulta. Hitzordu bat hartzen ahal da ondotik, ikerketa-xedea azalduz.

Nola iragaiten da bisita?

Kontsulta egiten da beti EKE-ko langile baten ardurapean. Hor dago bilaketak errexteko eta aholkuak emateko. Aldiz ez ditu bilaketak bisitariaren ordez eginen. Informazio-fitxa bat eta barne-araudia izenpetu beharko ditu erabiltzaile bakoitzak. Fondoen arabera gerta daiteke ere beste informazio-fitxa edota erabilpen-baimena fitxa bete behar izatea. Ordenagailu bat emana da bisitariaren zerbitzuko. Hortik bakarrik dira artxiboak begiratzen/entzuten.

Kontsultatu materialaren kopia baten eskuratzeko urratsak?

Kontsultatzen ahal diren dokumentu gehien-gehienak ez dira Euskal kultur erakundearenak. Ondorioz ezin da materialaren kopiarik egin kontsultagunean. Kopia erabiltzaileak berak eskatu beharko dio jabeari.

Gehiago jakin

 

CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.