Donibane Lohizune - Ziburuko itsas munduaren inguruko lekukotasunak aipagai Donostiako Untzi Museoko "Itsas memoria" aldizkarian

2016-11-16  ¦  "Eleketa" programa

Euskal kultur erakundeak itsas munduko 32 gizon-emazteren testigantzak bildu ditu Eleketa Ipar Euskal Herriko ahozko ondare bilketa programaren baitan. Gehienak Donibane Lohizune eta Ziburukoak dira, bainan ere Hendaia eta Getariakoak. Bilketa honetaz EKE-ko Maite Deliart-ek idatzi artikulu bat agertu da Donostiako Untzi Museoko "Itsas memoria" aldizkariaren 8. zenbakian. 

Itsas

Argazkia: Xabi Berruet

XX. mendeko azken hamarkadetako arrantzaren gainbehera ikusiz, Donibane Lohizune-Ziburuko eragile batzuk erabaki zuten euskal itsas ondarearen alde obratzea. Horietan aipagarrienak:

  • Itsas Begia elkartea, 1981az geroz euskal itsas ondarea salbatu eta baloratu nahian ekin eta ekin dabilana.
  • Itsas Misioaren tokiko adarra, Mikel Epalza buru, itsas munduan presentzia iraunkorra segurtatzen duena.
  • Itsas Gazteria elkartea, itsas heziketa mota guziak lantzen dituena.

Elkarte horiekiko partaidetzak indarturik, Euskal kultur erakundeak bildu du 2010ean Lapurdiko portu garrantzitsu honen itsas oroimena, Eleketa ahozko ondare bilketaren baitan.

Hogeita zortzi lekukotasun, orotara 32 gizon-emazte: arrantzale, arrantzaleen emazte, bitartekari, arrain-erosle, ontzigile, xaiko mutil, mariñelen formatzaile, kontserbategiko langile edota saregile. Tokiko itsas historiaren bozeramaile bezala, bakoitzak hurbiletik bizi izan duena kondatu du.

Lekukotasun bilketa horren aipamena egiten du Maite Deliart-ek (EKE-ko ahozko ondarearen tratamendu artxibistikoaren eta hedatzearen arduraduna) bi urtetarik behin ateratzen den "Itsas Memoria" Donostiako Ontzi museoaren argitalpenean. Euskal kostaldearekin eta itsasoarekin lotutako ikerkuntza garatzea du xede aldizkari horrek eta ondare ez-materiala, memoriak eta ahozko iturriak ditu aipagai 2016ko alean. Artikulua guztiak sarean daude eskuragarri.

"Itsasturiak" erakusketa (2011)
"Itsasturiak" erakusketa (2011)

Gehiago jakin

CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.