Joanes Borda

Sorturtea: 1942

Afiliazio herria: Bithiriña

Joanes Borda 1942ko urtarrilaren 2an sortu zen Itsasuko Bordabeltzea etxean, haren burasoak han etxetiar zirelarik. Berantago, aitak Pedroenea izeneko sortetxea erosi zuen eta familia han plantatu zen. Bederatzi haurridetatik, Joanes gazteena zen.

10 urte bete arte Luhusoko eskola publikoan ibili zen (Itsasukoa baino hurbilago baitzuen etxetik). Orduan, erretoreak burasoei semea apezgora buruz bideratzea gomendatu zien. Orduan, hiru urte pasatu zituen Baionako Kaperako Koruan (1952-1955), han kantatzen ikasiz. Ondotik, ikasketak Uztaritzeko Seminario Ttikian segitu zituen (1955eko iraila – 1960ko ekaina), Akize-koan (1960ko iraila – 1962ko ekaina), eta gero Aljeriara joan zen kooperazioan (1962ko iraila – 1964ko ekaina).

Handik itzultzean, Baionako Seminario Handian sartu zen, baina hango buruzagiekin zituen desadostasunak gero eta ageriagoak ziren. Alabaina, Mañex Pagola, Gexan Alfaro eta Beñat Sarasola seminarioko lagunekin aspaldidanik eskatzen zuten euskara eta euskal kultura kontutan hartuak izan zitezen hango irakaskuntzan. 1967aren bukaeran, Mañex Pagolak eta Gexan Alfarok dimisioa aurkeztu zuten, eta denbora berean, apezpikuak Joanes Borda Vierzon-era igorri zuen, egonaldi harek aldaketa psikologiko bat eragin diezaion. Beñat Sarasola, aldiz, Châtellerault-era igorria izan zen.

1968aren bukaeran, Joanes Borda eta Beñat Sarasola seminariotik behin betiko kanporatuak izan ziren. Orduan, Joanes Borda hezitzaile gisa lan egiten hasi zen Arribaldan (Biarnoa), eta gero, Euskadi Ta Askatasunako (ETA) errefuxiatu politiko batzuekin batera, berotegi batzuk eraiki eta haietan lanean segitu zuen 1981a arte.

1969an gainera, Beñat Sarasolarekin batera, azken honek idatzi kantuak interpretatzen hasi zen. 1970etik goiti, Pampi Lacarrieu, Pier Paul Berçaits eta Beñat Davant Guk taldean sartu ziren eta taldeak kantaldi franko eskaini zituen 1999ra arte (4 disko eta ehun kantu baino gehiago).

Joanes Borda Euskal Herriko borroka politikoan engaiatu zen ere, lehenik ETA erakunde armatuaren (1969-1973), eta gero Iparretarrak-en (IK) bidez (1973-1998). Haren iritziz, Euskal Herria da borrokaren giltzarria, eta borroka horretan, familia (1970ean ezkondua, 1971n, 1973an eta 1974an sortutako hiru seme-alaben aita), kantua eta borroka armatua uztartu zituen. Haren lelo nagusia askatasuna da.

Grabaketak

# Erref. Izenburua Data Iraupena Grabaketa herria Elkarrizketatzaileak
1 263 263 - Joanes Borda 2016-03-01 1:02:35 Bithiriña Terexa Lekumberri

Pasarteak

CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.