Joseph Camino

Sorturtea: 1927

Heriotze urtea: 2015

Afiliazio herria: Arnegi

Joseph Camino Arnegiko Argaraia izeneko etxean sortu zen 1927an. Hamabi haurrideko familia bateko zortzigarrena zen. Bere aita, Gehexan Camino 1888an sortu zen Luzaideko (Nafarroa) Harginainia izeneko etxean. 1906an, bere anaia batekin Wyoming aldera joan zen eta handik itzultzean, Argaraiako Añex Hazquet-ekin ezkondu zen. Azken hau 1947an zendu zen, 57 urtetan, Joseph soldadogoan zelarik.

Joseph lehenik Arnegiko eskola publikoan ibili zen, gero Hazparneko kolegioan (1937-1940), Uztaritzeko seminario ttikian (1940) eta azkenik Baionako seminario handian (1945). 1947an soldadogoan ibili bazen ere, 5 urte eman zituen seminario handian, 1951ko ekainean Terrier apezpikuak ordenazioko sakramendua eman zion arte.

Joseph-ek bere elizgizon bidea bikario bezala hasi zuen Baionako San-Andres-eko parropian (1951-1953).

1953tik 1963ra, denboran “Cœurs Vaillants et mes Vaillantes de France” deitzen zen “Haurren ekintza katolikoa”-ren (Action Catholique des Enfants) ardura hartu zuen. 1960an, haurrei zuzendu Pan-Pin euskarazko aldizkari giristinoa sortu zuen. Zeruko Argiak argitaratu 24 zenbaki atera ziren 1960 eta 1970 urteen artean.

Gero, gazteri ikasle giristinoaren (JEC) eta gazteri independente giristinoaren (JIC) omonier bezala segitu zuen, bai eta informazioaren diozesako omonier gisa (1963-1965), Baigorriko erretore izendatua izan aitzin (1965-1969).

1969an, herria utzi zuen, Hazparneko misionesten (1969-1976) eta diozesako beilen zuzendaritza hartzeko, bai eta urte bat berantago, erlijio bokazioena ere.

Ondotik, Hazparneko erretore izendatua izan zen (1976-1982), Baionako Katedralekoa ere (1982-1987), eta ondotik Seminario Handiko buruzagi (1987-1990). Azkenik, bikario orokor izan zen (1990-2002), urte hartan berean zendu Jean Hiriart-Urruty-ren ordez.

Getarian eta Bidarten hamabi urtez (2002-2014) apez laguntzaile bezala ari izan ondoan, 2014an erretiratu zen Kanboko Arditeya zahar etxean. 

Ibilbide luze horretan zehar, kargu andana bat ukan zuen eta 1940 hamarkada bukaeran, euskarazko liturgiaren sortzea ezagutu zuen, bai eta haren garapen handia Vatikano II kontziliotik goiti (1962-1965).

Joseph Camino berak lagundu zuen euskal kantuak elizetan hedatzen, Euskal Herriko parropiako koruen batzordea sortuz, 1969an koruen elkarretaratzearen lehen meza antolatuz, etab.

1968ko maiatza aitzin eta ondotik, Eliza inarrosi zuten barneko eztabaiden lekuko izan zen ere (apezen ezkontza, abortua, kontrazepzioa, euskal arazoa).

Joseph Camino 2015eko uztailaren 4an zendu zen, grabatua izan eta bi hilabete berantago. Arnegin ehortzia izan da.

Grabaketak

# Erref. Izenburua Data Iraupena Grabaketa herria Elkarrizketatzaileak
1 231 231 - Joseph Camino 2015-04-27 1:41:25 Kanbo Terexa Lekumberri

Pasarteak

Pasarte muntaketak

# Izenburua Iraupena
1 Euskal emigrazioa 0:03:20
2 Erretora eta errienta Arnegin (1940 hamarkadan) 0:03:38
CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.