Maite Barnetche

Sorturtea: 1941

Heriotze urtea: 1986

Afiliazio herria: Bidarte

Haurtzaroa Bidarrain

Maite Barnetche, Aña Castorene eta Manez Amestoy bidarraitarren alaba da. 1941ean sortu zen Bidarrain, Arlanetxeberria etxean. Bi ahizpetarik zaharrena, haur denbora guzia familiarekin iragan zuen Bidarrain, bakantza garai batzuk berriz Bidarten, amaren ahizpak zuen itsas bazterreko etxean. Lapurdi kostaldeko xoko hori du hautatuko berantago, bere etxearen eraikitzeko.

Lehen ofizioa Breguet enpresan

Amestoy familiaren Bidarraiko auzo bat ari zen Miarritzeko Breguet enpresan lanean (frantses hegazkin enpresa bat da, hegazkin eta helikoptero eraikuntzan berezitua - Gaur egun, Dassaut hegazkin enpresaren barne da, 1967an erosi baitzizkion akzioak azken honek, eta 1971n bi enpresek bat egin baitzuten).
Haren laguntzarekin, Maitek bere burua presentatu zuen Miarritzeko enpresan. Aski laster, idazkari postu bat lortu zuen han. Bidarraitik Miarritzera lekuz aldatzen da beraz neska gaztea, eta enpresako langile gisa, Angeluko apartamendu batean bizitzen.

Radio Côte Basque irratia

Radio Côte Basque 1961ean sortzen da, Euskal Herriko irrati gisa, edo hobeki erran frantses kate ofizialaren tokiko adar gisa. Frantses irrati honek, urtean hilabete bat eta erdiz hedatzen ditu uhinak Euskal Herrian. Bakantzetara heldu diren udatiarrentzat, hots uztail-agorrileko turistentzat pentsatua da. Garaian, Euskal Herriko biztanleen irrati bakarretarik da. Maitek, ofizioz idazkari, bere burua eskaintzen du. 1963an Radio Côte Basque irratian sartzen da.

Lantalde ttipia izanik, idazkaritza lanaz gain, Maitek emankizun batzuk animatu behar ditu frantsesez. Irratiak bere kazetariak baldin baditu berri sailaren egiteko, Maitek magazina gisako emanaldiak animatu behar ditu. Emankizunetako gaia aski librea denaz gain, Maitek gazteei zuzendutako emanaldi bat sortzen du: astearte guziz, Euskal Herrian barna diren gazteak elkarrizketatzen ditu.

Garai berdintsuan, bizi pribatuari doakionez, Guy Barnetchekin ezkontzen da, Izpuran, eta alaba bat altxatzen dute: Chantal.

1966-1967 artean Radio Côte Basque Miarritzetik Baionara lekuz aldatzen da, eta bere irratsaioak egonkortzen dira: irratiak, udako programazioaz gain, urte osoan emititzen du. Memento berean, Piarres Larzabal, Roger Idiart, edota Pantxoa Etxezaharreta bezalako euskaltzaleak, frantses irratiaren kontra asaldatzen dira eta euskarak egun guziz 5 minutuko artea ukan dezan erdiesten dute.

Puntu horretan, irratiko buruak Maiteri galdegiten dio euskaraz mintzatzeko ados litzatekeenez. Lehen aldikoz, frantses irrati batetako uhinetan, Maite Barnetchek euskarazko hitzak hedatzen ditu.

Euskarazko telebista baten sorrera

Bordeaux-Aquitaine estazioak lehen telebista emanaldiak 1962ko urtarrilaren 22an proposatu zituen, Akitanian. Bordeleko estazio honek, programa nazionalarekiko deslotzeak egin, eta tokiko programazio baten eskaintzen hasi zen. Emeki-emeki, eguneroko berri-sailen kultura sorrarazi zuen Akitanian, eta momentu berean, FR3 Aquitaine izena hartu.

FR3 kateak ezagutuko duen lehen hizkuntza gutxitua euskara izanen da.

Euskarazko telesail berri horren sortzearekin, lantalde berri bat muntatu behar da. Lantaldean, soinu hartzailea, argi egilea eta kameraduna behar dira, bai eta, bistan dena, presentatzailea. Telesail berriaren sortzearekin, lan talde berri bat muntatu behar da. Lan taldean, soinu hartzailea, argi egilea eta kameraduna behar dira, bai eta, bistan dena, presentatzailea. Hiru teknikariak, bai eta muntatzailea, Bordele eta Baiona aldean atzematen dira: Gilbert Reculusa, Pierre Amorena, Alain Duprat eta Daniel Giraud, dira besteak beste emankizunaren historian parte hartuko dutenak.
Kazetalari postuarentzat FR3 Aquitainek lan deialdia zabaltzen du. Bordeleko nagusiak, Maite Barnetche izendatzen du emankizunen kazetari.

Maite Barnetchen lehen emankizuna

1971ko urriaren 4ean, FR3 katean, egundaino aditu ez zen hizkuntza entzuten da telebistan: euskara. Euskal Herria orai eta gero emankizuna sortzen da. Hogei urteren istorioa hor hasten dela, nehork ez daki, ez eta 400 emanaldietatik lehen atala baizik ez dela hedatzen egun hartan.

Hilabetean bi aldiz Euskal Herriko gai guziak jorratuko ditu emankizunak: laborantza, bertsolaritza, arrantza, ekonomia, modernitatea, familia, ikastolak, artea, gazteria, antzerkigintza, lizeo-kolegioak, euskal diaspora... Herriz-herri, xokoz-xoko, Maite Barnetche Euskal Herriko bazter guzietan kurrituko da, egiazko antropologo bat bailitzan. Haren lan eta jendetasun paregabea islatuko dira 312 emankizunetan.

1986an, larriki eritzen da emazte gaztea. Hortik hilabete zenbaitzutara bizia galtzen du, Bidarten.

Gehiago jakin

Grabaketak

# Erref. Izenburua Data Iraupena Grabaketa herria Elkarrizketatzaileak
1 XA1922A Maite Barnetxe-ri elkarrizketa 1986-05-19 0:29:55 Bidarte Xipri Arbelbide
2 XA1922B Maite Barnetxe-ri elkarrizketa (segida eta bukaera) 1986-05-19 0:24:43 Bidarte Xipri Arbelbide
CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.