Bere proiektua museoarentzat

Lekukoa(k): Sabine Cazenave

"Museo etnografiko batean gara, baina errango nuke anglosaxoien moduan. Baionako Euskal Museoa izena duelako, gizarte museoa dela errango nuke, zeinean parte etnografiko bat dagoen, gizartearen bizimodua erakusten duten objektuen agertzearekin batetik, eta bestetik arte obrak ikusten dira. Ameriketako erakustokietan, maiz nahasten dituzte biak, hemen ez bezala. Orduan Baionako Euskal Museoaren berezitasun bat dela errango nuke eta ideia ona ere bide batez, helburua delarik, gizarte museoa izatera jotzea, izaera herrikoia duten eta anitzetan anonimo diren objektuak, sorkuntza intelektualak diren lan artistikoekin uztartuz eta zuzentasunez agertuz. Hitz egiten ari garen gela honetan adibidez, ez zait gustatzen zintzilik dauden margolanak, euskal gizartearen irudikapen soil batzuk balira bezala ikustea eta artelanak ere badirela bigarren maila batean uztea. Orduan, nire asmoa da, obra hauek iraganeko egoera batzuen lekukotasunak bezala ikusteaz gain, artelanak bezala ere agertzea. Objektuentzat gauza bera, baina kontrako prozesuarekin. Anitzetan museoko objektuek zentzua galdu dute gure baserrietan nola erabiltzen zituzten ikusten ez dugulako gehiago. Erakustokian sartu zirenean, 1920 eta 1940 artean, puska horiek ibilki ziren, nik Barkoxeko aitatxi eta amatxiren etxean, hemen dugun goldea ikusten nuen. Gaur egun, gazteek goldea ikustean neolitikotik ekarria dela uste dute. Orduan, mutu gelditzen ari diren objektu horiek oraingo publikoari zerbait adieraztea da gure helburuetariko bat, pareta hauen artean dauden objektu eta obrei testuinguru bat ematea, horien artean uztartuz, eta horien inguruko erranak, irudiak, soinuak eskainiz. Materiala anitz bada jadanik, Euskal kultur erakundean, Euskaltzaindia bezalako erakunde jakintsuetan edota INAren pareko biltegietan; hain zuzen ere 1920 eta 1980 arteko garaian grabatutako film batzuen eskubideak erosten ari naiz, zeinetan ikusten den hemengo objektu batzuk nola eta zertarako erabiltzen ziren garai batean eta non ulertzen den euskal gizartearen arketipoak direla. Horrek testuinguru bat sortuko du hemen dauden objektu guztientzat. Hau izanen dugu datorren hamarkadako lan handia, bestela beldur naiz haria laxatuko edo are gehiago ez ote den puskatuko.

Berrogeita hamasei urte ditut, badakit zer aldatu den hirurogei hamarkadatik hona. Lehenago ere aldatzen hasi ziren gauzak, baina hor azkartu zen guztia, orduan biziki inportantea da bilketa lehen baino lehen has dezagun, berrogeita bostetik bi mila urteetara bizitakoak gordetzeko. Orain ez badugu egiten, sakabanatuko da guztia, eta galduko. Adibidez, Euskal Herriko aldaketen ezaugarri nagusietako bat barnealde eta kostaldearen arteko bereizketa izan da. Hori agerian uzten duten gauza anitz daude, bereziki hirurogeitik bi mila urte bitartean; adibidez, kostaldea aisialdi eremu nola bilakatu zen erakusten duten lekukotasunak, jatetxeak, saltegiak etab. Bilketa orain ez bada egiten, beranduegi izanen da. Hemen diren objektu guztiak 19. mendearen azken laurdenean eta 20. mendearen lehen bi hamarkadetan bilduak izan dira, geroztik deus ez da jaso, hogeita hamar hamarkadatik bi mila urteetarat. Eta 2020ean gira jada. Museoa horretarako da, haria ez apurtzeko, iragana, oraina eta deus ez dakigun etorkizunaren artean, eragile tinkatua da. Hori da museo honen proiektua lurralde mailako neurri batekin eta bilketa, eskuratze eta aurkezpen neurriekin."


Lekukoa(k): Sabine Cazenave

Artxibo-funtsa(k): Euskal kultur erakundeko artxiboak

Bilduma: "Euskal kulturaren lekuko" elkarrizketak

Lekukotasun sorta(k):

Elkarrizketatzailea(k): Jasone Iroz

Data: 2020-09-08

Iraupena: 0:06:59

Erreferentzia: EKL-18-2

EKE-ren artxibo-kodea: EKL-18-2

Gaia(k): Kultura, Museoa


Eskubideak eta erabilpen baldintzak

Orri honetako edukiak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala 4.0 Nazioartekoa Baimen baten mende daude (CC BY-NC-SA 4.0).

Baimendua zara web-orrialde honen edukiak (testuak, irudiak edo dokumentuak) partekatzeko eta eduki horietatik abiatuta lan edo eduki eratorriak egiteko. Baldintza bakarra da, beti, edukien jatorria aitortzea (CC BY-NC-SA 4.0 - Euskal kultur erakundea - Institut culturel basque - www.mintzoak.eus), eta adieraztea aldaketarik egin bada jatorrizko edukietan. Ez zara baimendua etekin ekonomikorik egitera. Edukiak haien jatorrizko lizentzia berdinarekin erabiltzera behartua zara.

CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.