Ondare immateriala eta artistak

Lekukoa(k): Kristof Hiriart

"Lehenik, ondare immateriala oso gai zabala da, oso garrantzitsua da niretzat eta pentsatzen dut komunitate batena baino, gizabanakoen afera dela. Kolektibo bat sortzen duten gizabanakoen baitako zerbait da, jakitate bat bereganatu duten pertsonak, ohartuki ala ez, partekatzeko gogoa dutenak, ala ez, parte bat atxikiz eta beste partea agertuz.

Ondare hori anitza izan daiteke ere, ikusten edo erakusten dena badago, eta dakigun guztia ere hor da bestalde, gurutzatzen ditugun jendeei, irakurtzen dugunari edota sentitzen dugunari esker. Gauza oso zabala da. Gaia hunkituz geroz, galderez, aberastasunez beteriko ozeano baten aurrean aurkitzen gara, pertsona bat ezagutzen dugu eta beste bat. Batzuetan gal gaitezke eta horregatik interesatzen gaitu hainbeste, nire kasuan behintzat. Orduan pikoka ari naiz, nire baitan lehenik, dakidan horretan, nire bizipenetan, ametsetan. Elementu guzti horien arteko uztarketa bat da. Gero norbera sortzaile da bere espazioan, batzuek iraganean bilatzen dute, besteak aldiz berrikuntzan ariko dira kosta ala kosta. Baina hori ere erlatiboa da izan ere niretzat berritzaile dena ez da horrela izanen beste norbaiten aburuz, eta alderantziz.

Uste dut bakoitzak baduela bere lekua eta ikuspuntu guztiak garrantzitsuak direla. Bada «etxea zaintzen» duen jendea, kontserbadorea alegia, mugimendua gustuko ez dutenak, gauza zaharrak aldatzen gustuko ez dutenak. Baina gauzen zahartasuna neurtzeko molde ezberdinak daude ere. Kantarentzat adibidez garai ezberdinak daude; batzuentzat 60/70eko hamarkadetako kantak zaharra dira, baina askoz haratago joan gaitezke, 15garren, 16garren mendera arte. Gauza zaharragoak aurki ditzakegu eta hari ezberdinetatik tiraka has gaitezke, estetika ezberdinetatik. Kontserbadorea orduan, erreferentzia horietako bat behatuko duena da. Beste batzuek ere, beste gauza ezberdinak zainduko dituzte, trakeski nire ustez eta blokeatuko ere, erakusteko asmotan. Horrek «postala» efektu bat sortzen du, niri behintzat jeinatzen nauena, hemengo jende andana jeinatzen duen bezala, izan ere gure bizimodua ez du islatzen. Hor, gaurko errealitatea ez den zerbait erakusten zaie kanpotarrei.

Transmisioa interesatzen zait niri. Bortxaz, transmititzen denak aldaketak jasaten ditu, transmisio egilearen bidez. Nire ibilbideari, bizitzari zein irakurketei esker, hausten, probokatzen eta batzuetan ere hanka sartzen dut. Gauzak bestelakotuz, ikuspegi ezberdin bat eskaintzen dugu, gauza ezberdinak ekar ditzakegu, ondare puskak beste norabait eraman; horrek marrak mugitzen ditu, mugimendua sortzen du eta horrek erakartzen nau ni, gure bizitzan mugimenduan egotea, bestela akabo. Mugimendu horretan, batzuek geldoago dira besteak baino, beste batzuek azkarregi doaz, besteak zulo batean erortzen dira, min hartzen dute. Ezberdintasun horretan uste dut elkartasuna behar dela, aurrera doan mundu bat onartzeko. Gainera Mundua gaur aurrera doa izugarri, kultura ezberdinek zeharkatzen dute eta maleruski, ez beti baitezpada arrazoi egokiengatik. Gaur egun milioika pertsonen migrazioaren lekukoak gara eta ezin gara bihozgabe egon.

Gogoetatu behar dugu ere nor garen guzti horren erdian. Bistan da zaindu behar dugula nor garen, gizabanako bezala jadanik, baina gertatzen ari denak hunkitzen gaitu bortxaz, mugimendu horiek onartu behar ditugu gure aberastasunak galdu gabe, gure interes guneak edota kezkak. Horretan saiatzen naiz behintzat. Ahal dudana haurrei transmititzen saiatzen naiz, non dauden eta heien kultura zein den jakin dezaten, ohar daitezen ere belarri eta begi ikaragarriak dituztela eta gauza anitz hauteman ditzaketela; Hemen bizitzeko hautua ere badutela, herri hau heiena egin eta ulertu dezaketela zer gertatzen den inguruan, ikuspuntu kritiko bat osatu eta elikatu, hizkuntzaren eta mintzaira artistikoen bidez. Biziki garrantzitsua iruditzen zait osagarritasun hori elikatzea eta ezberdintasuna onartzea. Bestela eraikinak ezin du xutik egon, ezin du aitzinatu; mugitzen den mundu osoaz jabetu behar dugu, oinarrizkoa da".


Lekukoa(k): Kristof Hiriart

Artxibo-funtsa(k): Euskal kultur erakundeko artxiboak

Bilduma: "Euskal kulturaren lekuko" elkarrizketak

Lekukotasun sorta(k):

Elkarrizketatzailea(k): Jasone Iroz

Data: 2018-04-30

Iraupena: 0:09:21

Erreferentzia: EKL-5-4

Baionako eta Ipar Euskal Herriko artxibotegiko kodea: EKL-5-4

Gaia(k): Kultura


Eskubideak eta erabilpen baldintzak

Orri honetako edukiak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala 4.0 Nazioartekoa Baimen baten mende daude (CC BY-NC-SA 4.0).

Baimendua zara web-orrialde honen edukiak (testuak, irudiak edo dokumentuak) partekatzeko eta eduki horietatik abiatuta lan edo eduki eratorriak egiteko. Baldintza bakarra da, beti, edukien jatorria aitortzea (CC BY-NC-SA 4.0 - Euskal kultur erakundea - Institut culturel basque - www.mintzoak.eus), eta adieraztea aldaketarik egin bada jatorrizko edukietan. Ez zara baimendua etekin ekonomikorik egitera. Edukiak haien jatorrizko lizentzia berdinarekin erabiltzera behartua zara.

CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.