Gexan Alfaro

Sorturtea: 1941

Afiliazio herria: Angelu

Gexan Alfaro Urepeleko Lantziria etxean sortu zen 1941eko uztailaren 21ean. 17 haurrideko familia bateko zazpigarrena da (11 mutiko, 6 neska).

1946an, herriko eskola publikoan sartu zen, ondotik Hazparneko kolegioan (1951-1955) eta gero Uztaritzeko Seminario Ttikian 1955eko irailetik 1960ko ekainera.

Kolegio eta lizeo urte horien ondotik, Auch-eko Seminario Handian ibili zen (1960ko irailetik 1962ko ekainera), Akizekoan (1962-1964) eta Baionakoan (1964ko irailean). Azken huntarik joan behar izan zuen soldadogoa Arroxelan eta Bordelen egiteko (16 hilabetez: 1965-1966 urteetan).

1966ko irailean, Baionako Seminario Handira itzuli zen, baina 1967ko maiatzean, handik behin-betikotz lekutu zen, apezpikutegiarekilako ezadostasun ideologikoak ukan eta dimisioa aurkeztu ondoren.

1967 eta 1969 urteen artean, Gexan Alfarok lan kontratu eta formakuntza ezberdinak ukan zituen: Bokaleko SATEC enpresan (1967ko maiatza-ekainean), laborantzan Lantziria sortetxean (1967ko udan), Irisarriko Etchart enpresan (1967-68ko udazken eta neguan), merkataritza formakuntza Iruñean (1968ko otsailetik ekainera), Bokaleko Celhay garraio enpresan (1968 bukaera arte) eta Baionako Comptoir du Sud-Ouest-en (1969ko hastapenean).

1969an, aro profesional berri bat hasi zuen, “Basque Eclair” egunkariak kazetari postu bat eskaini ziolarik. 1975eko maiatza arte aritu zen hortan, hots Sud Ouest egunkariak Basque Eclair erosi eta honek ateak hetsi zituen arte.

Orduan, Baionako Zabal liburudendak lanpostu bat eskaini zion eta 1976an, definitiboki enplegatu zuen.

Orduz geroztik, Gexan Alfarok euskal argitalpenaren eta banaketaren alorrean segitu du Elkar enpresarentzat, 2004an erretiratu den arte: Zabal liburudendan (1976-1999), Mattin dendan (1999-2000) eta Mattin Megadendan (2000-2004).

Gexan Alfaro ezaguna da euskaraz idazteko duen trebetasunarengatik (kantuak, bertsuak, kronikak, itzulpenak, Elhuyar Euskara/Frantsesa - Frantsesa/Euskara hiztegian parte hartzea), bere kultura engaiamenduengatik (1972an Elkar argitaletxearen sortzean parte hartu zuen beste 19 kantari eta idazlerekin, 1975etik goiti, Seaskako kide aktibo bat izan da, Euskal Konfederaziokoa ere bai) bai eta politikoengatik ere (Enbata, Ezkerreko Mugimendu Abertzalea-EMA, Abertzaleen Batasuna, Angeluzain, Batera). Fleury Mérogis-en preso egon zen 1992ko apiriletik 1993ko ekainera.

1969an Patxika Erramouspé-rekin ezkondu zen. Lau haur ukan dituzte eta aitatxi eta amatxi zoriontsuak dira gaur egun.

Grabaketak

# Erref. Izenburua Data Iraupena Grabaketa herria Elkarrizketatzaileak
1 MB-226 Haurrak ikasazue 1983-05-21 0:15:50 Aldude Maite Barnetche
2 256 256 - Gexan Alfaro 2016-01-25 1:30:47 Angelu Terexa Lekumberri

Pasarteak

Pasarte muntaketak

# Izenburua Iraupena
1 Apezgai izaiteko begiztatua 0:02:05
CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.