Gillen Çaldumbide

Sorturtea: 1946

Afiliazio herria: Angelu

Gillen Çaldumbide edo Zaldunbide 1946an sortu zen Pagolako Etxeparia etxaldean. Haren aita, Battitt Çaldumbide, Etxepariakoa zen, eta ama, Maddi Metche, auzo bereko Aguerrehonia etxaldekoa. Sei anai-arreba ziren. Gillenek Xalbador izeneko anaia biritxi bat zuen; hark, zaharrena izanik, etxaldea hartuko zuen bere gain, eta Gillen, gazteena, apez izatera bideratua izan zen. Aitaren ama eta osaba bat ere Etxeparian bizi dira. Etxaldea aski handia da, eta bi sehi zituzten etxeko nahiz kanpoko lanetan laguntzeko. Gillenek eta herriko beste bi gaztek, apez izateko bidean zirenek, herriko apeza laguntzen zuten, eta haiengandik jokabide eredugarria espero zen. Gillenek euskarazko katixima ikasi zuen eta herriko eskolara joan zen (frantsesez) hamar urte bete arte; ondotik, Mauleko Saint-François kolegioko barnetegian egon zen. Barnetegiko ikasleak ez ziren maiz etxera itzultzen, eta Gillenek hortaz sufritu zuen. Luzaz, frantses hizkuntzarekiko gutiagotasun sentimendu bat izan zuen. Hogei urte zituela, Uztaritzeko seminario ttipian urte bat egon ondoren, apez bidea uztea erabaki zuen. Erabaki hori ez zen hartzeko erraza izan, bereziki amarekiko, eta ondotik, Pagolatik pixka bat urruntzeko beharra sentitu zuen. Gillenek soldadugoko sartze-probetan jakin zuen daltonikoa zela. Komandanteak uste zuen soldadugotik ihes egiteko nahitara egiten zuela, eta Bordele inguruko Cazaux-eko aire armadako meteorologia zerbitzura igorri zuen; han, daltonikoa izanik ere, lana behar bezala egiteko trikimailuak asmatu zituen. Hezitzaile bilakatu zen eta zortzi urtez aritu zen lan horretan; gero, psikomotrizista izateko formakuntza bat egin eta Baionako ospitalean aritu zen erretiroa hartu arte. Donibane Lohizuneko Mailux Dupérou-rekin ezkondu, eta 1970eko hamarkadan, Angeluko Hardoi auzora joan ziren bizitzera. 1980an, Hardoytarrak euskal pilota klubaren sortzean eta garapenean parte hartu zuen, klubaren sortzailea eta lehen lehendakaria izan zen Hardoiko Trinitate parrokiako Piarres Diriart apeza lagun zuela. Gillen klubeko lehendakari izan zen 1983tik 2013ra arte. Horrez gain, berrogei urtez, haur ttikienei pilota irakatsi zien. Bestalde, Angeluko euskal elkarteen federazioa den eta 2010ean sortu zen Manex Goihenetxe kultur etxearen sortzean azkarki inplikatu zen, eta gaur egun ere horren kide aktiboa da. 2017az geroz, elkartearen egoitza Tivoli zentroan kokatzen da, Aci Gasconha gaskoi elkartearen ondoan; horri esker, Angeluko Euskaldunek eta Gaskoiek hobeki elkar ezagutzeko parada izan dute.

Grabaketak

# Erref. Izenburua Data Iraupena Grabaketa herria Elkarrizketatzaileak
1 462 462 - Gillen Çaldumbide 2025-12-16 1:31:14 Angelu Argitxu Camus

Pasarteak

CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.