Jean-Noël Irigoyen

Sorturtea: 1895

Heriotze urtea: 1983

Afiliazio herria: Ainhize-Monjolose

Jean-Noël Irigoyen, laboraria, 1895ko abenduaren 25ean sortua Ainize-Monjolose Idiondoan, 1983ko maiatzaren 25ean hil zen. Jean Irigoyen eta Marianne Indaburu gurasoek 4 seme bazituzten: Michel (1894-1916), Jean-Noël, Jean-Pierre (1898- ?), eta Jean edo Nanez (1900- ?).

Soldadoaren eta gerlako presoaren ibilbidea

Michel, seme gehiena, gerlara joana eta, Jean-Noël gazte-gazterik engaiatu zen. 1914ko abenduaren 17tik 97. Infanteria erregimentua integratu zuen. 1916ko irailaren 4ean Barleux-n hartua izan zen, Somme eskualdeko guduan, 20 urte baizik ez zituela, eta Alemaniara preso igorria Münster preso-eremura, hortik Merseburgera 1917an beste 4 euskaldunekin (ikus Nazioarteko Kurutze Gorria Komitearen gunean P 71940 kanpamenduko dokumentua).

Hermann Urtelek Stolberg-eko zerrategiko gela batean grabatu zuen 1917ko abuztuaren 1ean. 21 urte ½ zituen. Leku horretan lan egiten zuten 4 lapurtar grabatuak izan ziren ere egun berean: Antoine Suhas (Arrangoitze), Laurent Issuribehere (Larresoro), Pierre Labadie (Hazparne) eta Jean-Baptiste Mendiburu (Donibane-Lohizune).

Gerla ondotik

Michel anaia premu beharra zena, gerlan hil zen 22 urtetan, 1916ko ekainaren 1ean, Landrecourt-eko (Meuse) guduan. Soldado zen 18. Infanteria erregimentuan.
Jean-Noëlek Alemaniatik itzultzean Idiondoa etxaldearen segida hartu zuen.

Gerlak ondorioak utzi zizkion osagarrian: bista arrunt ttipiturik eskuineko begian, erreformatua izan zen 1929an eta %45eko pentsionea ukan. Armadako zerrendetarik kendua izan da 1940ko otsailaren 26an. Ordukoz 6 haurren aita zen: Marianne, serora (1923- ?), Jean-Pierre (1925-2017), Jean, apeza (1926-1992), Louis (1929-….), Marie-Jeanne (1930-….) eta Julien (1932-2011).

Louis eta Marie-Jeanne Jean-Noël Irigoyenen haurrek diotenaz, ez zen haien aita gerlaz anitz mintzo, gerlan izana zen beste batekin solastatzean baizik. Hala ere familian aipatu zuen Alemanian preso zelarik Haur Prodigoa euskarara itzultzea galdetu ziotela, eta horren truke lortu zuela etxaldez aldatzea (presoa laborantxa lanetan ari zen etxalde batean).
Haurrideak oroit dira irakurtzea maite zuela, jitez kuriosa eta autodidakta zela. Elizatiarra zen biziki. Ainhiza-Monjoloseko auzapeza egona da luzaz, 40 bat urtez. 88 urtetan zendua da 1983ko maiatzaren 25ean.

Euskal kultur erakundeak nahi du zinez familia eskertu egin dion harreragatik eta eman xehetasun guzientzat, bereziki Marie-Jeanne Etcharren eta Louis Irigoyen seme-alabak, Maryvonne Erguy, Marie-Andrée Lespade eta Guillaume Irigoyen arrahaurrak edo bilobak.

Iturriak:

Prusiako Komisio fonografikoaren fitxa © Lautarchiv, Humboldt-Universität zu Berlin (EKEn kontsultagarri)

[sarean]:

- Frantses Armadaren erregistroko fitxa © Pirineo-Atlantikoetako Artxibo Zerbitzua: http://earchives.le64.fr/archives-en-ligne/ark:/81221/r213303z6snkpk/f1?context=militaire::155511. Oharra: familiak zuzendu du fitxa honetan idatzia den sortegunaren data.
- Ainhizako Lehen Mundu gerlako hilen zerrenda: https://www.siv.archives-nationales.culture.gouv.fr/siv/UD/FRAN_IR_051014/cvrwvtnsw4w-1k7b9tttkjaay
- Nazioarteko Agentziaren artxiboak 1914-1919 gerlako presoei buruz, Nazioarteko Kurutze Gorria Komitearen gunean: https://grandeguerre.icrc.org

Grabaketak

# Erref. Izenburua Data Iraupena Grabaketa herria Elkarrizketatzaileak
1 BER-03 BER-03 - Jean-Noël Irigoyen 1917-08-01 0:05:10 Ainhize-Monjolose Königlich Preußische Phonographische Kommission, Hermann Urtel

Pasarteak

CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.