Prusiako Komisio fonografikoaren artxiboak (Alemania)

Berlingo Etnologia Museoko Phonogramm-Archiv eta Humboldt Unibertsitateko Lautarchiv fonoteketako artxibo historikoetan dauden lehen Mundu gerlako euskal presoen grabaketak (1916-1917).

Euskal kultur erakundeak hauen kopia numerikoak ukan zituen 2014an, 2016an eta 2018an.

Prusiako Komisio fonografikoa

1915ko urriaren 27an sortu zen, Wilhelm Doegen (1877-1967) aleman hizkuntzalariak Prusiako kultura Ministeritzan 1914ko otsailaren 24an egin proposamenaren ondotik. Ideia zen "Mundu guziko herrialdeen ahotsen" kolekzio baten sortzea. Horretarako gerlaren egoera baliatua izan zen eta Alemaniako esparruetan zeuden mundu osoko presoak grabatuak izan ziren orduko teknika garaikideak erabiliz – fonografoa eta gramofonoa –.

Komisioak 40 bat Aleman zientzialari aditu (etnologo, hizkuntzalari, musikologo, antropologo) bildu zituen Carl Stumpf ikerlariaren zuzendaritzapean, horien artean Georg Schünemann (1884-1945) musikologoa eta Hermann Urtel (1873-1926) hizkuntzalari erromanista eta euskararen ikerketan berezitu zena.

Preso baten grabaketa. Erdian, Wilhelm Doegen © Humboldt-Universität zu Berlin

1915 urte hondarra eta 1918 bukaera bitartean, 29 preso-esparruetan ibili ziren militar hierarkiaren baimena ukanik.  Preso zeuden mundu osoko hiztunak grabatuz 250 hizkuntza eta dialekto bildu zituzten 1650 disko gramafonikoetan (gehien bat hizkuntzarekiko testuak eta kantu-musika grabaketa batzuk) Wilhelm Doegenen zuzendaritzapean – horien artean 63 euskarazkoak Hermann Urtelek bilduak – ; eta 1022 argizarizko edo ezkozko zilindroetan – horien artean 36, euskal kantuz osatuak, Georg Schünemann musikologoak grabatu zituenak Chemnitz-eko (Vogtland), Mannheimeko preso-kanpamenduetan eta Rottleberoden (Südharz).

Prusiako Komisio fonografikoa desegin zen 1920an. Artxiboak banatuak izan ziren euskarriaren arabera: argizarizko zilindroak Berlingo Etnologia museoko Phonogramm-Archiv-en daude 1991az geroztik (Leningrad eta Ekialdeko Berlinen ibili ondoan), eta diskoak, Humboldt Unibertsitateko Lautarchiv-en.

2012-2015 artean, numerizatuak izan dira eta katalogatuak. Artxibo-funts historikoa, 100 urte banatua izan ondoan, 2020 urte hondarrean berriz batuko da Humboldt Forum kultur gunean. 

Hermann Urtel hizkuntzalaria (1873-1926)

Hermann Urtel. Iturria: http://sosa2.uni-graz.at/sosa/nachlass/images/schuchardt-galerie/urtel.jpg
Hermann Urtel. Iturria: Karl-Franzens-Universität
Graz (Austria). Schuchardt galeria


Hermann Urtel, Strasburg-on sortua 1873ko irailaren 21ean eta Hamburg-on hila 1926ko urriaren 22an, Aleman hizkuntzalari erromanista zen, euskararen eta euskal kulturaren ikerketetan berezitua. Euskaltzain urgazle izendatua izan zen 1919an.

Ibilbide profesional gehiena goimailako irakaskuntzan iragan zuen, 1898az geroz Alsazian eta 1900tik hil arte Hamburg-on. 1919an, Hamburgoko Unibertsitateko Filologia fakultatean sartu zen hizkuntzalari erromanista gisa.

Lehen Mundu gerlan, Prusiako Komisio fonografikoan hizkuntza erromanikoen eta euskararen Departamenduko kide izanik, hasi zen euskara ikasten eta lehen aldiz ikertzen. Grabatu zituenen presoen artean, Ipar Euskal Herriko euskaldunek interes handia piztu zien hainbestetaraino nun ez zuen hizkuntza ikasteko aukerarik galtzen. 1916ko udaberrian hasi eta 1917ko iraila artean, 10 euskaldun grabatu zituen, Merseburg eta Manheimmeko preso-kanpamenduetan, eta Stolberg (Harz)-eko zerrategian. Leienda asko, ixtorio eta kantuak bildu zituen, transkribatu zituenak.   

1919an, "Zur baskischen Onomatopoesis" argitaratu zuen. 1922an, euskal ikerkuntzen 3. Kongresuan parte hartu zuen Gernikan, eta "Euskal ikerketen iragana eta etorkizuna Alemanian" hitzaldia eman. 1923an, Hanburgoko Unibertsitatean euskara kurtsoak ematen hasi zen.
1926an hil zen, 53 urte zituela. Gerlako testuak eta Arrangoitzeko euskaraz abiatua zuen ikerlana argitaratu gabe egon ziren.

- Iturriak, baliabide webografikoak eta bibliografia (PDF)

Bildumak

Grabaketak

# Erref. Herria Pasarteak
1 BER-01 - Pierre Ascarateil Altzai-Altzabeheti-Zunharreta 7
2 BER-02 - Saint-Jean Bidegaray Garindaine 3
3 BER-03 - Jean-Noël Irigoyen Ainhize-Monjolose 4
4 BER-04 - Laurent Issuribehere Larresoro 4
5 BER-05 - Joseph Jaureguiber Larraine 39
6 BER-06 - Pierre Labadie Hazparne 4
7 BER-07 - Jean-Baptiste Mendiburu Donibane Lohizune 2
8 BER-08 - Pierre Mendiburu Armendaritze 1
9 BER-09 - Antoine Suhas Arrangoitze 33
10 BER-10 - Jean-Baptiste Suhas Arrangoitze 12

Artxibo-funtsaren estatistikak

Zenbat lekuko:

10

Zenbat oren:

3

Zenbat pasarte:

109

Soinu/bideoak sarean:

43
CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.