Mikel Erramouspé

Sorturtea: 1956

Afiliazio herria: Aldude

Mikel Erramouspé 1956ko abuztuaren 26an sortu zen Aldudeko Ezpondainia izeneko etxean. Haurrideen arteko zaharrena da (Maite izeneko arreba bat badu eta Jakes izeneko anaia bat ere). Bere aita, Piarre Erramouspé, 1927an sortu zen Aldudeko Xotroinean. Egiazko olerkari hura Bankako bertsulari familia batetik heldu da.  Bera ere bertsuzale izanik, bertsuak gogoz ikasten zituen. Horrez gain, irakurtzea eta kantatzea maite zuen ere. Aldudeko Menta baserriko Mayie Itçaina (1930-1993) amaren familiaren aldetik, misionest eta erlijio bokazio anitz jalgi dira. 

Mikel Aldudeko eskola pribatuan ibili zen 4 urtetik 11 urte arte. Ondotik, apezgai izateko ibilbide bat hasi zuen Uztaritzeko seminario ttikian (1967-1971).

Baionako Villa Pia lizeoan ibili zelarik (1971-1974), beste 40 gazte bezala Mousserolles-eko apezgaien bilgunean aterpetua zen. 

Lehen zikloa Akizeko seminario handian egin ondoan, bi urteko propedeutika garai bat ukan zuen, eta azkenik apez egiteko bidea baztertu zuen.

Orduan, Baionako Villa Pia lizeoan lanean hasi zen zaindari-animatzaile bezala (1976-1977). Han, Itsas Haizea izeneko abesbatza zuzendu zuen gainera. 

Soldadogoaren ordez, bi urtez (1977-1979) kooperante gisa ibili zen. Kooperazioarendako Ordezkaritza Katolikoak (DCC) antolatu Eliza misio baten karietara, Afrika erdiko inperiora igorria izan zen, Sibut-eko Saint-Marcel kolegio-seminariora. Esperientzia hura egiazko bihurgunea izan zen, bere bokazio profesionala orduan deskubritu baitzuen, hots irakaskuntza eta pedagogia. 

Hiru urtez Paueko fakultatean ikasi ondoan (1979-1982 – Historia-Geografia alorreko DEUG eta lizentzia), lehenik irakasle bilakatu zen 1982an eta gero zuzendari Baigorriko Bil-Etxea kolegioan (1986-2004) eta gero Kanboko Saint-Michel Garicoïts kolegioan (2004-2016). 2016tik 2020an erretiratu zen arte, Historia-Geografia irakasle izan da Uztaritzeko Saint-François-Xavier kolegioan.

Mikel Erramouspé kudeaketa mentaleko formatzaile pedagogoa izanik ere, euskal kultur eragilea da ere: kantaria, kantu egilea, gitarra-jolea, koru zuzendaria, Irulegiko Irratiaren sortzaileetarik bat 1981ean, Lapurdi Irratia irrati giristinoaren sortzaileetarik bat 1992an, Aldudarrak elkartearen eragile nagusietako bat, Kanaldude euskarazko tokiko telebista parte hartzailearen proiektuaren sortzailea (1997), Euskal kultur erakundearen administratzailea 2004tik goiti eta horren lehendakaria 2005etik 2022ra (irakur honi buruz Pantxo Etchegoin EKE-ko zuzendari ohiak bere omenez idatzi testua). Azkenik, Elizaren alde engaiatua den laiko bat bezala ezaguna da Euskal Herrian. 

Grabaketak

# Erref. Izenburua Data Iraupena Grabaketa herria Elkarrizketatzaileak
1 MB-83 Aldudeko gazteria 1976-03-20 0:13:42 Aldude Maite Barnetche
2 MB-167 Gazteak Alduderi begira 1980-03-15 0:15:00 Aldude Maite Barnetche
3 MB-226 Haurrak ikasazue 1983-05-21 0:15:50 Aldude Maite Barnetche
4 316 316 - Mikel Erramouspé 2018-06-26 1:29:33 Aldude Terexa Lekumberri

Pasarteak

Pasarte muntaketak

# Izenburua Iraupena
1 Aldude herriko giroa 1960-1970 urteetan 0:04:08
2 Aldudarrak elkartea (1945) 0:05:08
CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.