393 - Marie-Hélène Baradat
Oraindik ez da sarean bere osotasunean grabaketa hau. Baliteke, aldiz, pasarte batzuk ikusgai/entzungai izatea (ikus beherago). Argibide gehiagorentzat, sar gurekin harremanetan.
Marie-Hélène Baradat Mayie Harignordoquy bere ttanttaz mintzo da. Lehenetariko gizarte-laguntzailea izan zena Baigorriko ibarran praktikatu zuen 1953tik 1973a arte. Haren artxibo profesional guziak Baradat ilobaren eskuetan daude gaur egun. Horietan oinarritzen da nagusiki bere lekukotasuna ematerakoan, oroitzapen pertsonaletaz gain.
Mayie Harignordoquy Baigorrin sortu zen, 1908ko maiatzaren 26an; bost haurretarik zaharrena zen. Haren aita espartin egilea zen, eta ama etxean ari. Aitak 1914-1918ko gerla egin zuen. Mayie amarekin bakarrik bizi izan zen denbora hortan. Gerla haren oroitzapenak atxiki zituen. Gainera, Espainiako gripea harrapatu zuen, 1917an, baina sendatu zen.
Uztaritzen eskolatu ondotik, Donostiara (Gipuzkoa) joan zen, familia aberats bateko haurren etxeko irakasle izateko. Sorterrira itzuli zen Espainiako gerra zibilaren denboran, 1936an.
Donapaleun hasi zen lanean, mediku batekin: ninien kontsultetan laguntzen zuen. Lan honetan zuen interesa ikusirik, profesional bilakatzeko eta gizarte-laguntzaile diploma erdiesteko gomendatu zion. Alabaina, diploma hori 1938an sortu zen, erizain bisitatzaile eta gizarte-laguntzaile diplomen arteko bateratzearen ondorioz. Bi urtetan egiten zen diploma: bi orientabideek lehen urte bera zuten eta bigarrenean bereizten ziren.
Haurrak artatzen berezitu zen eta, horretarako, urte bat egin zuen Parisko Necker ospitalean.
1941-1953: Laborantzako Mutualitate Sozialeko (frantsesez: MSA) gizarte-laguntzailea Donapaleun
Donapaleura itzuli zen bere lan profesionalean aritzeko, lehenik kontseiluak eman zizkion medikuarekin eta, gero, departamendu mailan gizarte-ekintza antolatzen hasten ziren zerbitzuetan. Laborantzako Mutualitate Sozialeko soldatapeko lehen gizarte laguntzaileetarik izan zen eta Donapaleun egon zen lanean 1953 arte. Bizikletaz ibiltzen zen kantonamenduan, familiak bisitatzeko eta familiaren diagnostiko soziala egiteko, medikua baino lehen, medikuaren diagnostikoa behar zelarik. Haren lehen ekintza eremua haurren segipena zen.
1953-1973: gizarte-laguntzaile izan zen Baigorrin
Baigorriko kantonamenduan izendatu zuten gero, bere aita alargunaz ere arduratu ahal izateko. 1973ra arte aritu zen han, orduan erretreta hartzeko adinera heldu baitzen. Permanentziak atxikitzen zituen Donibane Garazin, eta jendea etxean errezibitzen zuen eguneko edozein ordutan, haren borta beti irekia baitzen (jendea gustura egoten zen harekin, euskaraz mintzatzen zelako, eta onddoak, oilaskoak... ekartzen zizkioten), baina, batez ere, mendian ibiltzen zen familia bakartuen ikustera joateko. Jendeak laguntzat hartzen zuen, ez administrazioko pertsonatzat. Le Sillon, Laborantzako Mutualitate Sozialaren aldizkaria, euskaratzen zien laborariei.
Permanentzietan betetzen zituen oharren kaieretan, familia bakoitzaren sortzeak, haurren eta gazteen eskola bizia, erretreta-dosierretarako informazioak, familien arazoak, eritasunak eta istripuak notatzen zituen. Nahiz eta, batez ere, gizarte-laguntza eskaeretarako baliatzen ziren, kantonamenduko jendearen historiaren zati bat biltzen dute, zinez. Gizarte-laguntzaile lanbide horretan aitzindari izan zen, lanbide hori gizarte-legeen aldaketarekin batean egituratzen hasi zelarik (gizarte-segurantza, dirulaguntzak, erretretak) eta, horri esker, askatasun handiz ari zen, betiere familien onerako. Ekintza-askatasun hori atxiki zuen erretreta hartu arte, eta horrek ere bere izaeraren ezaugarri bat erakusten du.
Aktiboa izaten segitu zuen Baigorriko Herriko Etxeak koordinatu gizarte-ekintzaren eremuan, 80 urte baino gehiago bete arte.
2013ko apirilaren 12an zendu zen, 105 urte beterik, eta bukaera arte bere argitasuna eta jitea osorik atxiki zituen.
Hizkuntza: Frantsesa
Artxibo-funtsa(k): Pirinio Atlantikoetako artxiboak
Bilduma: Ahozkotasuna Baxenabarren: Garazi-Baigorri
Elkarrizketatzailea(k): Euskal Kultura Erakundea
Baionako eta Ipar Euskal Herriko artxibotegiko kodea: 13 AV 1348-1359
Grabaketa herria: Baigorri
Data: 2021-06-25
Iraupena: 0:46:12
Media mota: Bideoa
Gaiak: Emaztea, Amatasuna, Sortzeak, Baserrialdeko bizimodua, Emazteak lan-munduan (etxetik kanpo), Gizarte laguntzailea
Pasarteak
# | Izenburua | Iraupena | |
---|---|---|---|
1 | Marie-Hélène Baradat, Mayie Harignordoquyren iloba | 0:02:49 | |
2 | Familia handien ohorezko medaila | 0:03:28 | |
3 | Mayie Harignordoquy, gizarte laguntzailea Baigorri ibarran (1953-1973) | 0:08:25 |
Pasarte muntaketak
# | Izenburua | Iraupena | |
---|---|---|---|
1 | Mayie Harignordoquy gizarte laguntzailea: bihotz sentikor eta emankor | 0:04:58 |
Eskubideak eta erabilpen baldintzak
© Pirinio Atlantikoetako Departamenduko artxiboak
Lekukotasun osoa Euskal kultur erakundeko egoitzan ikus daiteke, Uztaritzen (hitzordua hartuz), baita ere Baionako eta Paueko Departamenduko Artxibotegietako irakurgeletan, hor ere hitzordua hartuz.
ETALAB 2.0 lizentzia irekiak arautzen du hemen aurkezten diren Pirinio Atlantikoetako artxibotegiaren datu publikoen berrerabiltzea. Garrantzitsua da Pirinio Atlantikoetako artxibotegiarekin harremanetan jartzea beste edozein erabilpenarendako.