Partaidetza anitzak

Lekukoa(k): Kristof Hiriart

"Egiazki anitza dirudi baina dena leku beretik dator eta leku berera doa, publikoarengana alegia. Txikientzako ikusgarria biziki garrantzitsua da niretzat dena adin horretan gertatzen dela uste baitut; hobekien entzuten, gauza gehien ikasten da adin horretan eta denok arduratu behar genuke horretaz; denok amesten dugu horrelako publiko bat zuzeneko emanaldietan. Txikien publikoa baino zorrotzagorik ez da.

Gero, topaketen ondorioz sortu elkarlanak dira, batzuetan aspalditik ezagutzen dudan jendearekin. Adibidez, Didier Ithurssarryrekin; Baionako lizeoan ezagutu nuen eta hamabost urte beranduago elkartu ginen berriz. Biok estetika berdintsuetan murgilduak ginen, jazz jole andanarekin jotzen genuen. Berriz gurutzatu ginen eta geroztik ez gara gehiago bereizi, anitzetan egiten dugu lan elkarrekin eta gustatzen zaigu musika tradizionalaren objektuak elkarrekin aztertzea, alde erritmikoan, melodikoan; berrirakurketa egiten dugu gure maneran, gure oldeak ere asmatzen ditugu, dagoen horretatik hurbil batzuetan, eta beste batzuetan horren inguruan idazten dugu ere.

Jérémie Ternoy Lille-ko piano jolearekin lanean hasi nintzen orain dela zenbat urte jada. Bere lurraldeari oso atxikia den gizona hura ere, eta jazz zale amorratua, belarri harrigarriekin eta bihotz erraldoiarekin. Ahotsaren inguruko lan bat abiatu nahi zuen eta Blues kantari bat bilatzen zuen baina Lille eskualdean zein Frantzian, musika hori ingelesez kantatzen da eta ez zuen inor aurkitzen. Elkar ezagutu dugunean, pentsatu du: "mutil honek berea den Blues bat kantatzen du". Hitz lausengari horiekin batera erran zidan zerbait erroturik neramala, edo behintzat zerbaiti loturik. Nire alde hori gustatu zitzaion eta Hermeto Pascoal musikagile Brasildarraren musikari buruzko lan bat abiatu genuen. Azken hau gidari bat da ere guretzat, musika herrikoiaren eta jazz musikaren arteko gurutzatzeari doakionez, sortzaile mugagabea... Charlie Haden eta bere Liberation Music Orchestra hor dugu ere; hark, Europako ohitura ezberdinetako doinuak bilatu ditu horiek hausteko, sublimatzeko. Lan hori egin dugu Jérémierekin eta Organik Orkestrarekin, beste lan anitzen artean. "Spiritaren", "espirituaren" gainean, dioen bezala, lan egin dugu ere, funtsaren gainean alegia, gauzak zergatik egiten ditugun, nola bizi ditugun, gaien gainean."


Lekukoa(k): Kristof Hiriart

Artxibo-funtsa(k): Euskal kultur erakundeko artxiboak

Bilduma: "Euskal kulturaren lekuko" elkarrizketak

Lekukotasun sorta(k):

Elkarrizketatzailea(k): Jasone Iroz

Data: 2018-04-30

Iraupena: 0:04:15

Erreferentzia: EKL-5-6

Baionako eta Ipar Euskal Herriko artxibotegiko kodea: EKL-5-6

Gaia(k): Kantua eta musika


Eskubideak eta erabilpen baldintzak

Orri honetako edukiak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala 4.0 Nazioartekoa Baimen baten mende daude (CC BY-NC-SA 4.0).

Baimendua zara web-orrialde honen edukiak (testuak, irudiak edo dokumentuak) partekatzeko eta eduki horietatik abiatuta lan edo eduki eratorriak egiteko. Baldintza bakarra da, beti, edukien jatorria aitortzea (CC BY-NC-SA 4.0 - Euskal kultur erakundea - Institut culturel basque - www.mintzoak.eus), eta adieraztea aldaketarik egin bada jatorrizko edukietan. Ez zara baimendua etekin ekonomikorik egitera. Edukiak haien jatorrizko lizentzia berdinarekin erabiltzera behartua zara.

CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.