Haren ikuskizuna berriaren funtsa euskara da

Lekukoa(k): Kattalin Sallaberry

Duela hamabost bat urte ohartu nintzen haur ttipiei istorioak kontatzen genizkiela, baina haurrek irakurtzen ikasteko adina zuten momentutik ez geniela gehiago halako tarterik eskaintzen. Alta nekez irakurtzen dute oraindik eta maite dituzte istorioak. Beraz pentsatu nuen behar genuela zerbait egin sail horretan, hori behar zela zabaldu. Nik ikasleei istorioak kontatzen nizkien eta biziki gustura entzuten zituzten. Garaian, ez zen inor ari sail horretan. Koldo Amestoy ipuinlaria bazen baina helduei zuzendua zen gehiago, ez zen haurrentzat ari. Beraz Daniel Landarti horretaz hitz egin nion eta hark nire ikasle izandako Jokinekin aipatu zuen. Orduan elkar mintzatu ginen eta erabaki genuen zerbait egin behar genuela. Horrela abiatu ginen. Daniel Landartek bi istorio idatzi zizkigun, beste bi guk atzeman genituen eta horrela hasi ginen.

Ikuskizunean aho hizkuntza, ipuina eta antzerkia ere lantzen ditugu. Izan ere, ipuinak kontatzean antzezten dugu, nahiz eta ariketa berezia izan. Kontalari gisa jokoan mugatuagoa zara. Ez da elkarrizketa bat antzerkian bezala. Beste zerbait da. Mediateketan ari gara gehienetan. Gero bada gauza bitxi bat: gure ikusgarriak muntatzen ditugu haur eta helduendako ere, baina helduek haurrei zuzendutako zerbait bezala ikusten dute. Haur tipiak eramaten dituzte ikuskizunera eta ororen buru anitzetan, haurrak baino xoratuagoak dira.

Halere, biziki zaila da aurreiritzi horren haustea, jendea jin araztea ipuinetara. Domaia da, baina horrela da. Urte guziz, Ziburuko Piarres Larzabal kolegiora joaten gara seigarrenekoen aitzinean aritzera. Berriz egon gara duela guti. Berrogei bat haurren aitzinean ginen eta zinez ageri zen ipuinak hunkitzen zituela. Egon dira mugitu gabe eta biziki ontsa pasatu da. Ikuskizun denboran, parametro anitz sartzen dira kontutan: gazteak nola prestatuak diren, gela nolakoa den, ipuinak zer heinetakoak diren. Izan ere, Jokinekin euskara maila aski gora jarri dugu. Orduan haur ttipiek ez dute beti dena ulertzen; mugimenduak begiratzen dituzte eta anitzetan lehen esperientzia izaten da. Orduan baldintza onean baldin bada, errexa da atentzioa atxikitzea. Kolegioko ikasleek errekurtso gehiago dituzte dena ulertzeko. Iraupena ere kontutan hartzekoa da. Ttipiekin oren erdiko ipuina aski da, aldiz handiagoentzat berrogeita hamar minutukoa eskaini dezakezu. Salak ere inportantzia badu. Lehen egunean, Luna Negra aretoan eskaini genuen eta enetzat esperientzia bikaina izan zen. Dena bazen, sala polita, aulki ederrak eta erosoak, antzokiek duten alde sakratu batekin.


Lekukoa(k): Kattalin Sallaberry

Artxibo-funtsa(k): Euskal kultur erakundeko artxiboak

Bilduma: "Euskal kulturaren lekuko" elkarrizketak

Lekukotasun sorta(k):

Elkarrizketatzailea(k): Jasone Iroz

Data: 2022-04-30

Iraupena: 0:06:06

Erreferentzia: EKL-28-EKL 28-4

EKE-ren artxibo-kodea: EKL 28-4

Gaia(k): Euskara, Antzerkia


Eskubideak eta erabilpen baldintzak

Orri honetako edukiak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala 4.0 Nazioartekoa Baimen baten mende daude (CC BY-NC-SA 4.0).

Baimendua zara web-orrialde honen edukiak (testuak, irudiak edo dokumentuak) partekatzeko eta eduki horietatik abiatuta lan edo eduki eratorriak egiteko. Baldintza bakarra da, beti, edukien jatorria aitortzea (CC BY-NC-SA 4.0 - Euskal kultur erakundea - Institut culturel basque - www.mintzoak.eus), eta adieraztea aldaketarik egin bada jatorrizko edukietan. Ez zara baimendua etekin ekonomikorik egitera. Edukiak haien jatorrizko lizentzia berdinarekin erabiltzera behartua zara.

CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.