Lehen Mundu gerlako euskal presoen grabaketak (1916-1917)

Prusiako Komisio fonografikoaren artxiboak (Alemania)

Alemaniako preso-esparruetan grabatu zituztenen presoen artean, 10 euskaldunen ahotsak bildu zituen Prusiako Komisio fonografikoak. Ipar Euskal Herriko euskalkien aztertzeko, 3 probintzietako ordezkariak hautatuak izan ziren:

  • 5 lapurtar: Arrangoitzeko Antoine eta Jean-Baptiste Suhas anaiak, Larresoroko Laurent Issuribehere, Hazparneko Pierre Labadie eta Donibane-Lohizuneko Jean-Baptiste Mendiburu;
  • 2 baxenabartar: Ainhize-Monjoloseko Jean-Noël Irigoyen eta Armendaritzeko Pierre Mendiburu;
  • 3 zuberotar: Larraineko Joseph Jaureguiber, Altzaiko Pierre Ascarateil eta Garindaineko Saint-Jean Bidegaray.                                           

Zein baldintzetan grabatuak izan ziren? Zein metodo erabili zuten elkarrizketatzaileek? Hainbat galdera zintzilik geratzen direnak. Haien proiektua bururaino eramateko, Komisiokoek presoekilako harremana landu zuten baldintza onak eskainiz, haien kolaborazioa negoziatuz fagore batzuen truke. Leku egoki bat hautatua zen (Merseburgen kanpamenduko eliza, Stolbergen lagunen gela). Grabaketa bakoitza aurretik prestatua zen, ondotik presoak ozenki kantatzen zuen edo errezitatzen grabagailuaren aitzinean. Elkarrizketatzaileak fitxa bat betetzen zuen hainbat informaziorekin (biografia, data, grabaketa-lekua eta iraupena). Hermann Urtelek kaptazioa osatzen zuen transkripzio fonetikoa eta ortografikoa eginez. Bi presoren kasuan (Pierre Labadie, Jean-Baptiste Mendiburu), erran beharreko testua sahetsetik xuxurlatua izan zitzaien analfabetoak zirelako.

Horrela 99 euskarri (109 item) grabatuak izan ziren:

- 36 argizarizko zilindro, Etnologia Museoko Phonogramm-Archiven artxibatuak, 01:20:38 ordu irauten dutenak (2 edota 3 aletan daudenak kondutan hartu gabe);

- 63 disko gramofoniko (1 galdua da, "Buhameen feirak", baina paperezko dokumentazioa atxikia izana da), Humboldt Unibertsitateko Lautarchiven artxibatuak, 02:00:22 ordu irauten dutenak. 

Hots, bi euskarriak batuta, 3 ordu eta 21 minutu grabazio, honela banatuak: Antoine Suhas (01:10:47), Joseph Jaureguiber (01:03:51), Jean-Baptiste Suhas (00:25:19), Pierre Ascarateil (00:12:29), Pierre Labadie (00:07:08), Jean-Baptiste Mendiburu (00:05:40), Saint-Jean Bidegaray (00:05:24), Jean-Noël Irigoyen (00:05:10), Pierre Mendiburu (00:02:39) eta Laurent Issuribehere (00:02:33). Euskarri batzuetan bizpahiru kantu edo testu badaude.

Grabazioek zer gisetako altxorrak gordetzen dituzte?

- 87 euskal kantu, horietan 4 erlijiosoak;

- 13 narrazio, mota guziak kondutan hartuta: leiendak eta erran zaharrak, ixtorioak, maskaraden deskribapena, Zuberoako sineskeri herrikoiak, gutun biografiko luze bat, eta Haur prodigoa parabola (Luk 15, 11-32), hizkuntza ikertzeko hautatua den estandarra eta Ipar Euskal Herriko 3 probintzietako 5 ordezkariek beren euskalkian irakurtu zutena: Saint-Jean Bidegaray zuberotarra, Jean-Noël Irigoyen baxenabartarra, eta 3 lapurtar, Pierre Labadie Hazpandarra, Jean-Baptiste Mendiburu Donibandar Kostatarra et Antoine Suhas Arrangoiztarra. 

100 urte geroago Euskal Herrian

Euskal kultur erakundeak euskal presoen grabaketen kopia numerikoa ukan ditu 2014an, 2016an eta 2018an. Gorderik zagon altxorrak interes handia piztu du Euskal Herrian. 

Orduz geroztik, funts honen balorapena eta ikerketa burutzeko asmoz, partaidetzak sortu ditu, emaitza ederrak eman dituenak, hala nola Mondragon-Aretxabaletako Unibertsitateko 2 ikasleen Maitia nun zira? dokumentalaren sorkuntza 2016an, Eusko Ikaskuntza-Baionako Herriko Etxearen Bideo Dokumental saria ukan duena.

"Maitia nun zira?". Ainara Menoyo eta Elena Canas. 2016

Halaber, EKEk 2017ko maiatza-uztailean misio bat luzatu dio Jasone Salaberria Euskal Ikasketetan den doktoreari. Artxibo-funtsen eranskinetan dauden 35 eskuizkribuen bertsio elektronikoa egin ondoren, testu horiek egungo arau ortografiko eta fonetikoetara (IPA) egokitu ditu, PDF formatuan erantsita aurkituko dituzuenak.

Humboldt Unibertsitateko Lautarchiv: Lourdes Izagirre. Maite Deliart eta Pantxoa Etchegoin (EKE). Arg. Marie Lhurs. 2017

2017ko azaroan, EKEko Pantxoa Etchegoin zuzendaria eta Maite Deliart Berlinera joan dira, Britta Lange eta Marie Lhurs (Lautarchiv), eta Etnologia Museoko Dr Ricarda Kopal ikustera, Lourdes Izagirre euskal antropologoaren laguntza baliosa ukanik. Eskerrak bereziki Etnologia Museoko arduradunei, Phonogramm-Archiveko soinuak eta dokumentuen irudiak, Mintzoak, ipar Euskal Herriko ahozko memoriaren atarian zintzilikatzeko baimena emateagatik.

Nahiz 10 presoetarik 4en grabaketak Berlingo Etnologia Museoaren eta Humboldt Unibertsitatearen jabegoaren artean banatuak diren, Lehen Mundu gerlako euskal presoen artxibo-funtsa bere osotasunean aurkeztua da hemen, euskaldun bakoitza lehenetsia dela. 

Grabaketak

# Erref. Herria Pasarteak
1 BER-01 - Pierre Ascarateil Altzai-Altzabeheti-Zunharreta 7
2 BER-02 - Saint-Jean Bidegaray Garindaine, Garindaine 3
3 BER-03 - Jean-Noël Irigoyen Ainhize-Monjolose 4
4 BER-04 - Laurent Issuribehere Larresoro 4
5 BER-05 - Joseph Jaureguiber Larraine 39
6 BER-06 - Pierre Labadie Hazparne 4
7 BER-07 - Jean-Baptiste Mendiburu Donibane Lohizune 2
8 BER-08 - Pierre Mendiburu Armendaritze 1
9 BER-09 - Antoine Suhas Arrangoitze 33
10 BER-10 - Jean-Baptiste Suhas Arrangoitze 12
Euskal preso baten potreta © Romanische Völker Von Hermann Urtel, in Unter fremden Völkern Von Wilh. Doegen. 1925

Euskal preso baten potreta © Romanische Völker Von Hermann Urtel, in Unter fremden Völkern Von Wilh. Doegen. 1925

CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.