BER-09 - Antoine Suhas
Oraindik ez da sarean bere osotasunean grabaketa hau. Baliteke, aldiz, pasarte batzuk ikusgai/entzungai izatea (ikus beherago). Argibide gehiagorentzat, sar gurekin harremanetan.
Komisio fonografikoak eta bereziki Hermann Urtelek, Antoine Suhas asko grabatu zuten. 10 Euskaldunen grabaketek orotara 3 ordu eta 21 minutu irauten badute, hauen artean Antoine Suhasenak direnak 1:10:47 ordu egiten dute, horrela banatuak: Etnologia Museoko Phonogramm-Archiveko ezkozko zilindroetan, 25:45 minutu kantu, eta Humboldt Unibertsitateko Lautarchiveko disko gramafonikoetan, 46 minutu (kantu eta testu). 31 kantu interpretatu zituen, horietan 6, bertsio irakurrian ere, eta beste kantu bat, "Xuriko", bakarrik irakurtuz emana. Kantuez gain, mota ezberdinetako narrazioak irakurri zituen: Haur prodigoaren parabola, "Bi mandozainak" ixtorioa, eta elkarrizketa bat Joseph Jaureguiber zuberotarrarekin "Jaun-andreen mokokaldia". Bainan guztiz aipagarriena, "Eskualdun baten letra mila bederatzi ehun eta hamazazpian" gutun autobiografikoa da, Komisioak bete duen fitxan horrela aurkeztua dena, Lebensgeschichte eines Basken (Histoire de la vie d'un Basque). Artxibo-funts honetako testu libre autobiografiko bakarra da. Zati bat baizik ez zen grabatua izan, eskuizkribu luzea bere osotasunean soinu-artxiboen dokumentazioan dago.
Etnologia Museoko artxiboen arabera (datarik ez da zehaztua), Antoine Suhasek "Lili bat ikusi dut" kantua eman zuen Chemnitz preso-esparruan Jean-Baptiste Suhas anaiarekin eta Joseph Jaureguiberrekin. Phonogramm-Archiveko beste grabaketak Rottleberodeko lan komandoan (Südharz herriko auzo bat, Stolberg-etik hurbil, Saxe-Anhalten - ikus behereko karta) iragan ziren, beti ber euskal presoekin.
Humboldt Unibertsitateko Lautarchiveko artxiboek zehazten dutenez, A. Suhas Merseburgen grabatua izan zen 1916ko martxoaren 19a, 20a eta 22an, eta Stolbergen, 1917ko abuztuaren 1ean eta irailaren 30ean.
Stolberg (Südharz, Saxe-Anhalt estadoa) Berlingo hego-mendebaldean © Google - Mansfeld-Südharz Tourismus
Oharra: grabaketa datari buruz, fitxa honek egun bakar bat baizik zehazteko aukera eskaintzen digu. Grabaketen 5 egunetarik lehena, 1916-03-19, hautatua izan da. Data zuzena Berlingo erakundeen katalogoetan aurkituko duzue, pasarte bakoitzeko kanpo loturan klikatuz. Halaber, Prusiako Komisio fonografikoaren artxibo-kodeari buruz: fitxa mota honetan ezin izan ditugu denak zerrendatu, pasarte bakoitzean ongi zehaztua dago.
Hizkuntza: Euskara
Euskalkia: Lapurtarra
Artxibo-funtsa(k): Prusiako Komisio fonografikoaren artxiboak (Alemania)
Bilduma: Lehen Mundu gerlako euskal presoen grabaketak (1916-1917)
Elkarrizketatzailea(k): Königlich Preußische Phonographische Kommission, Hermann Urtel, Georg Schünemann
Prusiako Komisio fonografikoaren artxibo-kodea : PK 484--96,1082-88--
Grabaketa herria: Arrangoitze
Data: 1916-03-19
Iraupena: 1:10:47
Media mota: Audioa
Pasarteak
Eskubideak eta erabilpen baldintzak
© Sammlung Phonographische Kommission VII WS 238, Ethnologisches Museum, Staatliche Museen zu Berlin-PreuBischer Kulturbesitz / © Lautarchiv, Humboldt-Universität zu Berlin
Euskaldun honen grabaketak Alemaniako bi erakundetan artxibatuak dira: argizarizko zilindroak Berlingo Etnologia Museoan, eta disko gramafonikoak Humboldt Unibertsitatean. Hots, kasuaren arabera, bi jabego ezberdin baditu. Humboldt Unibertsitateko artxiboen eskubideak zainduak dira. Kontsultagarri dira Euskal kultur erakundeko egoitzan (hitzordua hartuz, 0(33)5 59 93 38 70 telefonora deituz edo mezu bat idatziz kontsulta@eke.eus helbidera). Etnologia Museoak artxiboen soinuak eta dokumentuen irudi numerikoak mintzoak gunean zintzilikatzea baimendu digu, eta horretarako zinez eskertu nahi dugu.