Oholtzan ibilitakoa

Lekukoa(k): Arantxa Hirigoyen

"Maialen Fautoux lagunarekin Ama bi taldea sortu genuen orain dela 8 urte. Abiapuntu berezia izan zuen proiektuak. Urte horretan lizeoan tailer bat egin nuen eta Maialenek lagundu ninduen. Biziki ontsa pasa zen eta erran nion ondoko urtean segitzeko gogoa nuela baina ezingo nuela haurdun nintzelako. Orduan hark erantzun zidan haurdun zela ere. Hor batetik bestera mintzatuz erabaki genuen haurdunaldiari buruzko antzezlan bat prestatzea. Horretan sartu ginen eta Tripakiak antzezlana eman genuen, egiazki haurdun ginela. Eman genuen lauzpabost aldiz urte horretako azaroan, haurrak abenduan sortu zirelarik. Zinez abentura bikaina izan zen, sakelako antzerki moduko bat. Ez genuen deus berri asmatu baina hain unibertsala den haurdunaldiaren gaiari buruzko lana muntatu genuen, usaian entzuten ditugun krisi horietatik abiatuz. Gure helburua ez zen batere irakaspen bat ematea baizik eta jendea pixka bat kilikatzea, guk bizi genuena eta hain segur ere, beste ama anitzek bizi dutena taula gainean ematea, umorez ematea. 

Gero haurrak sortu ziren eta fite pentsatu genuen horrek ere segida bat merezi zuela, egunerokoa haur txiki batekin eta abar. eta bigarren lana, Amakiak atera genuen, amatasunari buruz. Hor ere ez genuen deus asmatu baizik eta gure bizipenetatik abiatuz antzezlan bat sortu. Gero hirugarrena ere eman genuen gure proiektua borobiltzeko bezala; Amatur idatzi genuen, hitz jokoarekin izan ere amaturrak ginen eta amak ere bai. Hor zen gehiago gazte, nerabetasunari buruzkoa, ama alaba edo ama semeen arteko harremanez. Eta gure turra horretan bukatu genuen. Bizki esperientzia polita izan zen, sakelako antzerki formatuarekin, apainketa gutxi, iraupen laburrekoa, gure kamionetan dena sartzen genuen, eta hainbat herritan ibili ginen, zinez bikaina izan zen.

Orain noiztenka, aipatzen dugu segitzea, ideiak baditugu, baina zaila da biak ari baitgira gauza ezberdinetan. Baina ideia hor da eta asmoa genuke beste zerbait egiteko formatu horretan. Hor berezia zen, lehen aldia nuen taula gainean baina amaren pertsonaia, nire pertsonaia zen eta ez dakit zenbateraino fikzioa eta errealitatea nahasten ziren hor. Orain egiten badugu gehiago emazteen ikuspegitik egingo genuke, baina beti ere umore zerbaitekin.

Uste dut hemen Euskal Herrian badela antzerki mota guztietarako publikoa; hemen ipar euskal herrian adibidez antzerki amaturrak indar handia du, aski da ikustea libertimenduak, maskaradak, toberak kabalkadak, anitz garatzen ari dira. Uste dut badela lekurik antzerkiarentzat, herrikoia izan edo beste." 


Lekukoa(k): Arantxa Hirigoyen

Artxibo-funtsa(k): Euskal kultur erakundeko artxiboak

Bilduma: "Euskal kulturaren lekuko" elkarrizketak

Lekukotasun sorta(k):

Elkarrizketatzailea(k): Jasone Iroz

Data: 2019-08-13

Iraupena: 0:03:46

Erreferentzia: EKL-12-16

EKE-ren artxibo-kodea: EKL-12-16

Gaia(k): Emaztea, Antzerkia


Eskubideak eta erabilpen baldintzak

Orri honetako edukiak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala 4.0 Nazioartekoa Baimen baten mende daude (CC BY-NC-SA 4.0).

Baimendua zara web-orrialde honen edukiak (testuak, irudiak edo dokumentuak) partekatzeko eta eduki horietatik abiatuta lan edo eduki eratorriak egiteko. Baldintza bakarra da, beti, edukien jatorria aitortzea (CC BY-NC-SA 4.0 - Euskal kultur erakundea - Institut culturel basque - www.mintzoak.eus), eta adieraztea aldaketarik egin bada jatorrizko edukietan. Ez zara baimendua etekin ekonomikorik egitera. Edukiak haien jatorrizko lizentzia berdinarekin erabiltzera behartua zara.

CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.