Beñat Oyharçabal

Sorturtea: 1949

Afiliazio herria: Uztaritze

Beñat Oyharçabal 1949ko martxoaren 17an sortu zen Parisen (XI. barrutian), hiru mutikoko familia bateko azkena zelarik. Burasoak Euskaldunak zituen (aita Hazpandarra, ama Uztaritzeko Heraitze auzoko Establia etxekoa). Biak Frantziako hiriburura lan xerka joanak ziren : ama etxeko garbitzaile bezala, aita burdinbide langile bezala.

Beñat Parisen eskolatua izan zen (Hamelin karrikako eskola publikoan, Chernoviz kolegioan, izen bereko karrikako 8. zenbakian, III. barrutiko Turgeot lizeoan), baina oporrak Uztaritzen pasatzen zituen. Batxilergoa 1967an lortu eta zuzenbide ikasketak egin zituen Paris-Nanterren (lizentzia eta maisutza : 1967tik 1971ra). 1968tik goiti, Euskal Herriko bizi politiko-kulturalean inplikatu zen ere: Amaia taldea (1968-1971), Mende Berri 1971tik goiti, Euskal Gogoa (1973). 1971tik 1972ra egin soldadugoak Mende Berriren baitan antolatu zuen lehen euskara ikastaldia aktiboki prestatzeko aukera eman zion. Ikastaldi haren ondotik (1972ko uda), aski fite 17 eguneko gose greba egin zuen. 1972 eta 1976 urteen artean, Aire-sur-Adour-eko kolegioko zaindari izan zen (1972ko azarotik 1973ko ekainera), etxegintza enpresa bateko langile (1973ko ekain-uztaila) eta euskara erakasle (1973ko abuztutik 1976ko abuztura).

1976ko irailetik 1979ko azarora, Hendaiako Itsas Ospitaleko ekonomia zerbitzuetan aritu zen eta gero berriz euskara erakasle bezala Kanboko Xalbador Ikastegian (1979-1981). Denbora berean ikasketak berriz hasi zituenez, 1981ean hizkuntzalaritza alorreko maisutza lortu zuen Parisen, 1982an hirugarren zikloko doktoregoa Bordeaux III unibertsitatean eta 1987an Estatu doktoregoa Paris VII unibertsitatean. 1981eko sartzetik beretik, Baionako Euskal Ikasketen Unibertsitate arteko Sailean (linguistika) klaseak ematen hasi zen, Ikerketa Zientifikoko Zentro Nazionalean (CNRS) sartu zen 1984an, eta IKERen zuzendaritza hartu zuen (Ikerketa Unitate Mistoa – UMR 55478 – euskaran eta euskal testuen azterketan zentratua ) 1999tik 2009ra.

Ikerketa Zientifikoko Zentro Nazionaleko (CNRS) ikerketa zuzendaria izateaz gain, 1990eko irailaren 28az geroz, Beñat Euskaltzaina da ere. Joskeran eta morfologian aditua den hizkuntzalaria izanik, egitasmo zientifiko bat baino gehiago zuzendu ditu, hala nola ACOBA (Kode-aldaketa euskal hiztun elebidunen artean), NORANTZ (Euskal mintzaira berrien behatoki baten sorrera) edo HIPVAL (Biztanleriaren historia eta hizkuntzaren aldakortasuna Mendebaldeko Pirinioetan), eta artikulu nahiz liburu andana bat argitaratu ditu.

Grabaketak

# Erref. Izenburua Data Iraupena Grabaketa herria Elkarrizketatzaileak
1 366 366 - Beñat Oyharçabal 2020-01-28 1:11:08 Uztaritze Terexa Lekumberri

Pasarteak

CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.