Aguxtin Eppherre 1936ko apirilaren 26an sortu zen Metholan, Altzaiko (Xiberoa) herritik 10 kilometrora dagoen mendiko etxalde batean, bizi baldintza gogorretan. Sei hilabete zituela, haren familia Barkoxeko Bordaburia etxean plantatu zen; familiako zazpigarren haurridea han sortu zen. Aguxtin herri hartan hazi zen, eta 6 urterekin herriko eskola publikoan ibiltzen hasi zen, 1950ean Zertifikata lortu arte.
Handik aitzina, aldizkako laborantza ikasketa batzuk egin zituen Mauleko Saint-François kolegioan: bi aste eskolan eta aste bat etxean aprendizgoa egiteko (1950-1953). Ondoren, 28 asteko soldadugoa (1956-1958), eta laborantza aholkulari izateko ikasketak egin zituen (1959ko urritik 1960ko abuztura). Gero, laborantza alorreko irakasle izan zen Donapaleuko Garikoitzenea irakaskuntza zentroan (1960ko urritik 1961eko ekainera) eta alor bereko aholkulari Pirinio Atlantikoetako Laborantza Ganbaran (1961-1966, Donapaleuko eskualdean).
Azkenik, Lur Berri kooperatiban sartu zen (1967-1993), eta han, lehenik abere ekoizpeneko teknikari izan zen (1967-1985), eta gero Lur Berriko txorien sailaren arduradun (1985-1993). 1993an erretiratu zelarik, Zabalik elkartean inplikatu zen, Donapaleuko Frantsizkotarren Etxea Fraideekin kudeatzeko (elkarteko lehendakari izan zen 1993tik 2005era). Etxe hura 2006ko irailean saldua izan zen.
1964an ezkondu eta emaztearekin hiru haur izan zituzten: 1965, 1967 eta 1978an. 1967az geroz, Aguxtin Eppherre bere Behaskaneko etxean bizi da.
Grabaketak
| # | Erref. | Izenburua | Data | Iraupena | Grabaketa herria | Elkarrizketatzaileak | |
|---|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | 271 | 271 - Aguxtin Eppherre | 2016-07-15 | 1:43:22 | Behaskane-Laphizketa | Terexa Lekumberri |
Pasarteak
| # | Izenburua | Iraupena | |
|---|---|---|---|
| 1 | Mendiko laborantza ttipiaren bilakaera | 0:03:55 | |
| 2 | Saint-François kolegioa eta Mauleko Aguerria monasterioa | 0:04:07 |
