François Unhassobiscay

Sorturtea: 1928

Heriotze urtea: 2021

Afiliazio herria: Baiona

François Unhassobiscay 1928ko martxoaren 24an sortu zen Baionako Galuperie kaian. Martin eta Pierre haren bi anaia zaharrenak aldiz, Luzaiden sortu ziren, 1922 eta 1925ean, eta Philippe anaia gazteena Uztaritzen 1931n. Horren azalpena da, 1887an Mendiben sortu lau mutikoen aita Kalifornian artzain izan zela 1902tik 1919ra, eta ezin izan zuela Frantzian berriz sartu Gerla Handian parte hartu ez izateagatik barkatua izan ondoan baizik.

1919an itzuli zelarik, Donibane Garazitik 12 kilometrotan dagoen mugaz bestaldeko Luzaide auzo herrian plantatu behar izan zuen (Ardandegia etxean). Haren emaztea eta lau semeen ama izanen zena han ezagutu zuen eta lehenbiziko biak han sortu ziren. 1925ean, 38 urtetan, François-en aita berriz Frantzian sartu zen, baina soldagugoa egitera behartua izan zen, lehen urtean Clermond-Ferrand-en, bigarrenean Baionan.

Ondorioz, François Lapurdiko hirian sortu zen 1928an. Semeei berak izan ez zuen eskolaratzea segurtatu nahian, aita Uztaritzen finkatu zen 1930ean, eraikiarazi California etxe ederrean. Semeak lehenik eskola giristinoko Fraideekin ibili ziren eta gero Seminario Ttikian, batxilergoa han lortu zutelarik. François lehen mailan 1931n hasi eta Seminario Ttikian 1939an sartu zen. 1947ko ekainera arte han egon zen, hots batxilergoa lortu arte.

Marexal eskolan sartzera lau aldiz debaldetan entseatu ondoan (1947-1951: urte batez konkurtsorako prestakuntza Bordelen eta gero okzitaniako Tolosan hiru urtez), Baionan aritu zen lanean aitak Martin eta Pierre bi anaiei erosi upategian (1952-1959). Zazpi urteren buruan, lanbidez aldatu zuen. Lehenik mediku-bisitatzaile bilakatu zen eta gero Frantziako Hego-mendebal zabaleko eskualdeko zuzendari Sterling Winthrop laborategi farmazeutikoan (1960-1983). 23 urteren ondotik, eta lanarengatik aste frankotan etxetik kanpo egotera behartua izan ondoan, aitzin-erretiroa hartu zuen 55 urtetan (1983) eta erretiroa 10 urte berantago (1993).

1961eko urriaren 28an Carmen-ekin ezkondu eta haren alaba Chantal adoptatu zuen. Azken hau François-ez arduratu zen (Carmen 2017ko abenduan zendu zen). François-ek ttikitatik ikasi zuen pilotan. Joko Garbi jokalari ezagun eta trebea izan zen. Besteak beste, 1952an Donostian ospatu ziren Joko Olinpikoetan munduko txapeldun izan zen. Unhassobiscay anaiak olinpiar txapeldun, baina ere Frantziako eta Euskal Herriko txapeldun izan ziren, 1950 eta 1960 urteen artean hainbat titulu metatuz. 2021eko urtarrilean zendu zen.

Grabaketak

# Erref. Izenburua Data Iraupena Grabaketa herria Elkarrizketatzaileak
1 355 355 - François Unhassobiscay 2019-07-25 0:00:00 Hiriburu Terexa Lekumberri

Pasarteak

# Izenburua Iraupena
1 Artzaina (1902-1919) 0:11:21
2 Uztaritzeko seminario ttikia (1939-1947) 0:03:29
CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.