Jean-Baptiste Suhas (Jean izendatua Armadako erregistroan), Arrangoitzen sortu zen1884ko irailaren 9an, Argelous etxean. Ofizioz hargina, Basusarrin bizi, 1964ko otsailaren 6an hil zen. Gurasoak Bardozen ezkondu eta Arrangoitze Argelous etxean bizi ondoan, Basusarrira joan ziren bizitzera: aita, Mathieu Suhas Bardoztarra eta ama, Sabine Doyharçabal, Uztaritzen sortua.
Grabaketei erantsitako fitxan Komisio fonografikoak zehazten du Jean-Baptistek 6 urte arte Arrangoitzen eta Bardozen bizi izan zela. Gero Basusarrira etorri eta herriko eskolan eskolatua izan zen.
Catherine Bordalelecou (1887-1973), sortzez Izturiztarra zenarekin ezkondu zen. 3 haur ukan zituzten, 2 gerla aitzin sortuak, Anne (1912-2009) eta Félicie Sabine (1914/06/26-1998). Gerlara joan zelarik beraz, bigarren alabak hilabete bat pasa baizik ez zituen.
Soldadoaren eta gerlako presoaren ibilbidea
Mobilizazioan, Baionako 249. Infanteriako erregimentuan sartu zen 1914ko abuztuaren 4ean. Alemanek hartu zuten Craonnelle-n (Aisne) 1914ko irailaren 20an, Antoine anaiarekin, eta biak preso sartuak izan ziren Alemanian Zerbst-eko kanpamenduan.
Prusiako Komisio fonografikoak grabatu zuen Rottleberoden, Antoine Suhas anaiarekin eta Joseph Jaureguiberrekin, eta Merseburgen, 1916ko martxoaren 20an eta 22an. J. B. Suhasek bere eskuizkribuak izenpetzen zituen bi izen erabiliz : Jean edo Jean-Baptiste.
Gerla bururatzean, Alsaziatik herriratua izan zen 1919ko urtarrilaren 8an. 49. Infanteriako erregimentura sartu zen martxoaren 22an eta Basusarrira itzuli.
Gerla ondotik
Alemaniatik itzuli ondoan, familia Basusarri Mikeou etxean kokatu zen. Jean-Baptistek hargina ofizioan segitu zuen bizpahiru behi haziz, baserrialdeko bizimoduan usu egiten zen bezala. 1921ean hirugarren haurra sortu zen, Antoine Edouard (1921-1998), Germaine Pétrissans-ekin ezkondua, Mari-Domingin Oyharçabalen aita. Mari-Domingin oroitzen da, 3-4 urte zituelarik aitatxik altxotan harturik kantuz ari zitzaiola geldi-geldia. Beti kantuz ari zen. 79 urtetan zendu zen 1964ko otsailaren 6an.
Euskal kultur erakundeak nahi du zinez familia eskertu, eskaini dion harrera onagatik eta eman dizkion xehetasunentzat, bereziki Marie-Domingin Oyharçabal sortzez Suhas, Basusartarra, Jean-Baptiste Suhasen alabatxia.
Iturriak:
- Prusiako Komisio fonografikoaren dokumentazioa © Lautarchiv, Humboldt-Universität zu Berlin (EKEn kontsultagarri)
[sarean]:
- Frantses Armadaren erregistroko fitxa © Pirineo-Atlantikoetako Artxibo Zerbitzua: http://earchives.le64.fr/archives-en-ligne/ark:/81221/r84683zwzq60ck/f1?context=militaire::112689
- Histoire de poilus Centenaire 14-18 webgunea: http://histoiresdepoilus.genealexis.fr/
Grabaketak
# | Erref. | Izenburua | Data | Iraupena | Grabaketa herria | Elkarrizketatzaileak | |
---|---|---|---|---|---|---|---|
1 | BER-10 | BER-10 - Jean-Baptiste Suhas | 1916-03-20 | 0:25:19 | Arrangoitze | Königlich Preußische Phonographische Kommission, Hermann Urtel, Georg Schünemann |
Pasarteak
# | Izenburua | Iraupena | |
---|---|---|---|
1 | "Lili bat ikusi dut" kantua | 0:02:06 | |
2 | "Oi mirakuilu guziz" kantika | 0:01:29 | |
3 | "Huna Bildots eztia" kantika eta "Iruten ari nuzu" kantua | 0:01:53 | |
4 | "Amodio ohore" kantika | 0:01:46 | |
5 | "Ziburutik Sarara" kantua | 0:01:36 | |
6 | "Ziburutik Sarara" kantua - "Amodio ohore" kantika | 0:01:45 | |
7 | "Gernikako Arbola" - "Adios izar ederra" kantuak | 0:01:46 | |
8 | "Adios izar ederra" kantua | 0:03:23 | |
9 | "Urzo xuria" kantua | 0:02:58 | |
10 | "Ume eder bat" kantatua eta errezitatua | 0:02:06 | |
11 | "Lili bat" kantuaren bertsio kantatua eta errezitatua | 0:02:02 | |
12 | "Ene maitia barda" kantua | 0:02:29 |