-
|
- Euskara
Jean Castillon
1939
Afiliazio herria:
Eskiula
Jean Castillon Biarnoko Baretos ibarreko Inhasi udalerri-ohi euskaldunean sortu zen, Eskiula ondoko Barrena auzoko Maisunaba (Maysounaba edo Maysounabe ere idatzia) etxean, 1939ko apirilaren 24an. Aita, Marti Castillon, Maisunaban sortua zen, eta ama Hagola etxekoa zen. Jean zazpi haurridetarik bosgarrena zen. Haren amatxi, Adela Maysounaba, haiekin bizi zen etxean; Pierre Castillon, Castillua etxeko senarra 1914-1918ko gerlan galdu zuen. Maisunaba hamabi hektareako etxalde ttiki bat zen. Haren lurrak hiru herritan banatuak ziren: Eskiulan, Inhasin eta Oloruen. Auzoko biztanleak Eskiulako parrokiari eta eskolari lotuak ziren, baina administrazio kontuetan Arhantze-Inhasiren menpe ziren. Laborariak Olorueko azokara joaten ziren. Jean eskolan ibili zen Zertifikata ukan arte. Han, frantsesa ikasi zuen, bereziki Orbiscay izeneko errient xiberotarrari esker, harek euskal kantuak eta dantzak ere irakasten zizkielarik. Zertifikata lortu ondoren, Jean inguruko etxaldeetan jornaltiar bezala lanetan aritu zen; Oloruen denboraldi bat egin zuen ere, familiako etxaldean plantatu arte. Nahiagoko zuen Parisera joan eta han lan egitea, baina anaia zaharrenek etxaldeaz arduratu nahi ez zutenez, haren ardura hartu zuen. Gaur egun, Henri semea eta Allande semetxia arduratzen dira baserriaz. Jean-ek, Uthurry apezak animatu Euskal Gazteria mugimenduan parte hartu zuen, eta emaztea han ezagutu zuen, Barkoxeko Marie Rose Jaureguiberry hain zuzen. Biziki gaztetatik ikasi zuen dantzan, aita eta Ximun anaia zaharrenarekin, etxeko sukaldean berean. 1954ko maskaradetan parte hartu zuen, marexal gehien gisa. 1955eko Matalas maskaradan aldiz, Satan izan zen. Gazte talde bat Eskiulan elkartzen zen maiz dantzan aritzeko; zaharrenek gazteei irakasten zieten, eta Euskal Herrian zehar ibiltzen ziren, besteak beste Donostian eta Luhuson, bai eta urrunago ere, Royanen adibidez. 1958an, Aljer-eko Euskaldunek Jean eta Eskiulako beste dantzari batzuk gomitatu zituzten Aljer-eko pilota plazan antolatu pilota partiduen karietara dantzatzera. Soldadugo garaian, Jean frankotan joaten zen Parisen bizi zen Ximun anaiarengana, eta hango Xiberoko dantzarien taldearekin ere hainbat ateraldi egin zituzten. Urteetan, Jean-ek Xiberoko dantzak irakatsi zituen Eskiulan: dantza eskola 80ko hamarkadan hasi zen, 1983ko maskaraden karietara.
Grabaketak
Lekukoari egin zaizkion grabaketa zerrenda.
Oharra: grabaketa bat media oso bat da, indekzaziorik gabekoa.
| # | Erref. | Izenburua | Data | Iraupena | Elkarrizketatzaileak | |
|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | 452 | 452 - Jean Castillon | 2025 | 1:49:58 | Argitxu Camus |
Ikur hauek agertzen dira grabaketak osoki ikusgai/entzungai direlarik atari honetan.
Ikur hau agertzen da hitzordua hartu behar denean grabaketa ikusteko gure kontsultagunean.
Pasarteak
Batzutan grabaketa bat zatikatzen da, osoki edo partez. Zati horiek pasarteak dira.
Hemen daude lekukoaren grabaketetan oinarrituz sortu diren pasarteak.
| # | Izenburua | Iraupena | |
|---|---|---|---|
| 1 | Aitaren haurrideak. Apez izateko bokazionea | 0:05:30 | |
| 2 | Eskola Eskiulan eta Orbiscay errienta | 0:05:39 | |
| 3 | Dantzari txikitatik | 0:05:15 | |
| 4 | Xiberotar dantzak ongi eman. Herri arteko ezberdintasunak | 0:06:02 |
Ikur hauek agertzen dira grabaketak osoki ikusgai/entzungai direlarik atari honetan.
Ikur hau agertzen da hitzordua hartu behar denean grabaketa ikusteko gure kontsultagunean.
Ikur hau agertzen da azpitituluak eskuragarri daudenean.
Ikur hau agertzen da transkripzio bat eskuragarri denean.