Laurent Issuribehere

Sorturtea: 1895

Heriotze urtea: 1976

Afiliazio herria: Larresoro

Laurent Issuribehere Larresoro Yaminian 1895ko uztailaren 7an sortu zen. Aita, Pierre Issuribehere Baionan sortua 1845ean, Halsun bizi zena Larresorora ezkondu aitzin, laboraria eta teilaria zen. Ama Larresorokoa, Estephane Bidart, 1853an sortua, Pierre Bidart eta Jeanne Laborden alaba zen. Bikotea 1875ko urtarrilaren 30ean ezkondu eta 4 haur ukan zituzten : Bernard (1879), Gracieuse (1890), Pierre (1893ko urtarrilaren 25ean sortua eta Lehen Mundu gerlan hila, 1914ko abuztuaren 28an, Guise-n) eta Laurent, gazteena.

Laurent ezkondu zen Larresoron 1955ko maiatzaren 6an Germensinda Eliceche-kin. 1976ko irailaren 17an hila da sorterrian.

Soldadoaren eta presoaren ibilbidea

Mobilizazio orokorra zela eta, Laurent Issuribehere 1914ko abenduaren 17an joan zen gerlara. 2garren gradoko soldado izan zen Saint-Gaudenseko Infanteriako 83garren erregimentuan. 1915ko ekainaren 2an, Infanteriako 14garren erregimentura pasa zen, eta uztailaren 23an, 97garrenera.

Jean-Noël Irigoyenen ibilbide berdina izana du: 1916ko irailaren 4ean Somme eskualdeko Barleux-n hartua, preso sartua izan zen Alemanian Münster-eko preso-esparruan, gero 1917an Merseburgen (ikus kanpamenduko agiriaren zerrenda (P 71940) Nazioarteko Kurutze Gorriaren gunean).

1917ko abuztuaren 1ean, Prusiako Komisio fonografikoak eta Hermann Urtelek Stolberg-en grabatu zuten - Jean-Noël Irigoyen, Pierre Labadie, Antoine Suhas eta Jean-Baptiste Mendiburu izan ziren bezala, leku eta egun beretan. Laurent Issuribeherek Xarmegarria zira eta Iduzki denean euskal kantuen bertsio kantatua eta irakurtua eman zituen.

Gerla bururatu ondoan,1919ko urtarrilaren 21ean herriratua izan zen. %45eko pentsionea ukanik urtarrilaren 22tik ekainaren 8ra, Infanteriako 49garren erregimentuari lotua izan zen. 1919ko irailaren 12an desmobilizatua, jokaera onaren ondorioz saristatua izan zen. Gorabehera frangoren ondotik, 1933ko azaroaren 4ean Baionako erreformako komisioak erabaki zuen armadako zerbitzuetan atxikitzea, nahiz buruko minak jasaiten zituen eta sinkopak egiten. 1940ko maiatzaren 15ean laborantxa depotean izendatua, urte bereko ekainaren 24ean afektazionik gabe ezarria izan zen.

Iturriak:

- Prusiako Komisio fonografikoaren fitxa © Lautarchiv, Humboldt-Universität zu Berlin (EKEn kontsultagarri)

[sarean]:

- 1914-1919 gerlako presoen Nazioarteko Agentziaren artxiboak, Nazioarteko Kurutze Gorria Komitearen gunean: https://grandeguerre.icrc.org

© Pirineo-Atlantikoetako Artxibo zerbitzua:
- Frantses Armadako fitxa: http://earchives.le64.fr/archives-en-ligne/ark:/81221/r212343z2b48pk/f1?context=militaire::154551
- Larresoroko parropiaren eta Herriko-etxeko aktak (1689-1890) earchives.le64.fr gunean: 5Mi317/1 - FRAD064006_5Mi317_1726, 1776, 1941.jpg, eta Herriko-etxeko sortze akta.

Grabaketak

# Erref. Izenburua Data Iraupena Grabaketa herria Elkarrizketatzaileak
1 BER-04 BER-04 - Laurent Issuribehere 1917-08-01 0:02:33 Larresoro Königlich Preußische Phonographische Kommission, Hermann Urtel

Pasarteak

CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.