Mayie Oyharçabal

Sorturtea: 1929

Afiliazio herria: Angelu

Mayie Oyharçabal 1929ko urtarrilaren 23an sortu zen Aiherrako Aingerutea laborantza etxean. Ama, Janamari Barnetche, etxe hartakoa zen, eta aita, Jean edo Manez Oyharçabal, ezkondu ondoren joan zen hara bizitzera. Mayiek hamaika urte zaharragoa den anaia bat badu. Bi urte besterik ez zituela, ama gaixotasun baten ondorioz hil zitzaion. Orduan, aitaren arrebak Manezi proposatu zion Mayie bere gain hartzea, hura berriz ezkondu arte. Horrela, Donoztiriko Irutea etxean hazi zen, bere kusiekin batera, aita Donoztiriko Paskoitegi etxeko Jeanne-rekin ezkondu zen arte. Mayie Lekuineko eskola katolikoan ibili zen hamaika urte bete arte, hots Bigarren Munduko gerla hasi arte. Hamalau urtetan, Angeluko Notre-Dame-du-Refuge etxera joan zen bizitzera, Mariaren zerbitzarien kongregazioan erlisione bizitzarako formatzera. 1948an serora egin zen, eta 1954 edo 1955ean boto ospetsuak egin zituen. 1948tik 1957ra, Arbotiko seroren etxean bizi izan zen, jostundegia eta jantokia bere gain hartuta. 1957tik 1964ra, Baionako apezpikutegian lan egin zuen, Vatikonoko II. kontzilio garaian. 1964an, Boli Kostako Orbaff herrira joan zen, Yago artzapezpikuak Mariaren zerbitzarien presentzia eskatu baitzuen berriki independentzia lortu zuen herrialde hartan. Mayie 1964tik 1973ra bizi izan zen Orbaffen, beste serora batzuekin batera haurrak eta eri zeuden herritarrak zaintzen. 1974an Euskal Herrira itzuli zen, eta Donapaleun erizain laguntzaile izateko formakuntza egin zuen; gero, Izpurako Luro fundazioko zahar etxean lan egin zuen 1984ra arte. 1984tik 1989ra, berriz Boli Kostara itzuli zen, Gineatik hurbil dagoen Man hirira, ikasle egoitza baten ardura hartzera. 1989an behin betiko Euskal Herrira itzuli zen, eta Kanboko Arditeya zahar etxean lan egin zuen 1999an erretiroa hartu arte. Ondotik, Angeluko Bernardinen komentuko bizian parte hartu zuen, eta 2015ean Mariama zahar egoitzan sartu zen.

Grabaketak

# Erref. Izenburua Data Iraupena Grabaketa herria Elkarrizketatzaileak
1 458 458 - Mayie Oyharçabal 2025-09-29 1:50:23 Angelu Mathias Olaso

Pasarteak

CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.