Marie Miguel

Sorturtea: 1922

Afiliazio herria: Baiona

Jeannette Hiriart, ezkondu ondoan Jeannette Luc, 1926an sortu zen Milafrangako etxalde batean. Bost haurrideko familia bateko gazteena zen (horietarik zaharrena 4 urterekin hil zen). Gurutzeko Alabek zuzentzen zuten herriko eskola pribatuan ibili zen.

Zertifikata 1938an eskuratu ondoren, hiru neguz seroren jostundegian egon zen, gerla bukatu arte, aldi berean burasoak laguntzen zituela (bere anaia Alemaniara deportatua izan zen Derrigorrezko Lan Zerbitzuaren karietara). 1945ean, josten ikasteko ikasketak hasi zituen lehenik Hiriburun, eta gero Baionan (beste bi urtez). 1948an, Labenne-ko Hélio Marin zentroan sartu zen jostun gisa, eta han aritu zen lanean 1951n bere lehen haurra sortu arte.

1945ean, Jeannot bere senarra Milafrangako Maitena dantzalekuan ezagutu zuen (bezperetako otoitzen ondoren hara joaten zen dantzatzera). 1948an ezkondu eta lau haur izan dituzte: Gérard (1951), Christiane (1952), Serge (1957) eta Sylvain (1965). 1951z geroz Castor mugimenduko kide zen Luc familia bere etxean sartu zen 1954an (1951ko abuztuaren 7ko etorbidea). Etxe hori lehen eraikuntza-faseari zegokion (80 etxebizitza). Ondotik, 15 etxebizitzako bigarren fase bat etorri zen, eta azken biztanleak 1956an sartu ziren.

1991z geroz alarguna den Jeannette, oraindik etxe hartan bizi da.

Marie Miguel 1922an sortu zen Jatsun, baina hiruzpalau urterekin herria utzi zuen Uztaritzera bizitzera joateko, haren aita Milafrangako larruapaindegian lanean hasi zelarik. Uztaritzeko eskola pribatuan ibili zen.

14 urterekin, bere anaiaren lekukoa hartuz, elikagai saltoki ibiltari bat zuen bikote baten zerbitzuko lanean hasi zen (herriz-herri kamioi batean). Urtebete geroago, bikote harek oihal denda bat ireki zuen, eta Marie-k han jarraitu zuen lanean beste hiru urtez. 1940an, 18 urte zituela, Bayle altzari enpresan hasi zen lanean. Gerlak, okupazioak eta lan faltak urte baten ondotik Uztaritzeko etxera itzultzera behartu zuten, eta han egon zen 1945era arte.

1945etik 1947ra, arno saltzaile baten etxean lan egin zuen. 1947an ezkondu eta biharamunean berean, senarrarekin batera janari saltegi baten ardura hartu zuen (Euskal Herriko eta Aturriko Kooperatibaren adar bat) Blancpignon-en, eta han aritu zen lanean 1955era arte. Urte hartan sartu ziren beren "Castor" etxean (1952an bazkide eginak ziren jadanik). Handik goiti, haren senarra Dames de France (egungo Galeries Lafayette) dendako merkataritza ibilkari gisa hasi zen lanean, eta bera aldiz, larruzko berokiak josten hasi zen.

Bi haur izan zituzten (semea eta alaba) 1948 eta 1955ean Angelun sortu zirenak eta hirugarren alaba bat, Baionako Castor auzoan sortu zena 1957an. Migueltarrak lehen etxebizitza eraikuntza-faseko azken bizilagunak izan ziren. Marie Miguel, bilobek "Mamie Castor" deitzen dutena, 1951ko abuztuaren 7ko etorbidean bizi da oraino.

Grabaketak

# Erref. Izenburua Data Iraupena Grabaketa herria Elkarrizketatzaileak
1 262 262 - Marie Miguel - Jeannette Luc 2016-02-16 1:16:46 Baiona Terexa Lekumberri

Pasarteak

CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.