Argitxu Noblia 1942ko apirilaren 3an sortu zen Angelun eta zortzi haurrideko familia batean hazi zen. Kanboko Noblia txokolategiko Félix Noblia medikuaren eta haurrak hezitzeko bere lana utzi zuen Raymonde Richard medikuaren alaba zaharrena zen. Bere aita oihan medikua eta kakao landatzaile nahiz esportatzailea zen Boli Kostan. Ondorioz, kakaoaren denboraldien ondotik baizik ez zen Sankadiokrotik itzultzen, udako hilabeteentzat.
Baxoaren lehen urtera arte (1957) Angeluko Stella Maris ikastetxe pribatuan ibili ondoan, Argitxu Nobliak baxoa 1958an eskuratu zuen Biarritzeko lizeoan. Ondotik, medikuntza ikasketak egin zituen Bordelen 1958tik 1966ra. Medikuntza alorreko doktoregoa erdietsi eta urte baten buruan, anestesiologiako ikasketa berezien agiria lortu zuen 1967an eta anestesista bezala aritu zen Baionan 1967ko ekainetik 1982ko urrira arte. Ondoren, lehenik Mont-de-Marsan-eko Mediku Kontroleko tokiko mailara igorria izan zen (1982-1986) eta gero Baionako Gizarte Segurantzako Mediku Zerbitzura (1986-2002).
Argitxu Noblia bi aldiz ezkondu zen (1965 eta 1975ean). Lehen ezkontzatik 4 haur ukan zituen eta bigarrenetik bi.
Bere bizi profesionalak eta familiakoak ez zioten ikasketak egiteko ideia burutik kendu (1978an, Tours hirian: laborantza medikuntza alorreko agiria ; 1990ean, Bordelen: mediku psikologia agiria). Bestalde, etengabe emazteen tokia zaintzen jarraitu du (emazte medikuen frantses elkartea, Euskal Herriko mediku elkartea).
Lehen ikastolen sortzaileetan izan da (1969), eta Seaskako lehen lehendakaria ere.
Bestalde, politikoki (EAJ eta gero Eusko Alkartasuna alderdietan, Bakea Bai elkartean, Baionako Hiriko hautetsi…), ekonomikoki (besteak beste Elkar, Sokoa edo Hemen Herrikoa-n), bai eta ondare sailean ere engaiatua izan da (eiheren salbatzeaz arduratzen den Ardatza-Arroudet elkartean, Baionako Zientzien, Letren eta Arteen Elkartean, Euskal Museoaren Adixkideak elkartean edo Gizakiaren Museoaren Adiskideen Elkartean).
Herrialde anitzetara bidaiatu, eta liburu nahiz festibal anitzetan parte hartu du (bakeari buruzkoetan bereziki). Bere bizia, gaur egun bukatua ez den puzzle bati konparatzen du…
Grabaketak
# | Erref. | Izenburua | Data | Iraupena | Grabaketa herria | Elkarrizketatzaileak | |
---|---|---|---|---|---|---|---|
1 | MB-36 | Ipar Euskal Herriko ikastolak | 1973-06-18 | 0:14:36 | Arrangoitze | Maite Barnetche | |
2 | 267 | 267 - Claire (Argitxu) Noblia | 2016-03-24 | 1:39:58 | Aiherra | Terexa Lekumberri |
Pasarteak
# | Izenburua | Iraupena | |
---|---|---|---|
1 | Stellas Maris erakundeko kanpoko ikaslea | 0:06:47 | |
2 | Orientazioa. Aitatxi eta amatxien kristau praktikak | 0:06:10 | |
3 | Anestesista. Emaztearen lekua medikuntza alorrean | 0:06:15 | |
4 | Amatasuna | 0:04:01 | |
5 | Lehenbiziko ikastola | 0:03:29 | |
6 | Lehen ikastolaren sortzearen historikoa | 0:04:18 | |
7 | Mediku liberala | 0:04:53 |