Gabriel (Gabi) Oyharçabal

Sorturtea: 1946

Afiliazio herria: Uztaritze

Gabriel Oyharçabal 1946ko ekainean sortu zen Parisen (XI. barrutian). Hiru mutikoko familia bateko bigarrena zen. Bi burasoak Euskal Herritik Parisera lan bila joanak ziren (aita hazpandarra, ama uztariztarra).

Gabriel, “Gabi” ezizenez ezaguna, Parisen eskolatua izan zen, baina opor guziak Uztaritzeko Heraitze auzoan iragaiten zituen, amaren aldeko aitatxi eta amatxiren etxean. Gaztaroan, frankotan Pariseko Euskal Etxean ibiltzen zen, eta Ipar Euskal Herriko lehen mugimendu abertzalea izan zen Enbata mugimenduaren sortzean parte hartu zuen.

Azken mailako urtearen ondotik, soldadugoa Moulins-lès-Metz-en (1965eko azarotik 1967ko martxora) egin zuen, eta gero hainbat lan-kontratu ukan zituen Euskal Herrian: Baionako ospitalean, SACEM izeneko egile, konpositore eta editoreen elkartean, eta Angeluko La Futaie zentroan, besteak beste.

1975ean, animatzaile izateko DEFA agiria lortu zuen Parise inguruko Animazio eta aisialdiko goi mailako formakuntza institutuan (ISFAL). Urte berean, gizarte-langilea zen Maritxurekin ezkondu zen. Hiru haur izan zituzten 1976an, 1977an eta 1982an. Ezkontzaren ondorioz, 1976an Euskal Herrian finkatu zen betiko, Izturitzen hain zuzen.

1986an alargundu ondoren, Uztaritzera bizitzera joan zen, amaren sorterriko Heraitze auzora. 1989an Kattin Mailharro-rekin berriz ezkondu, eta harekin laugarren haurra izan zuen 1992an. Gabi 30 urtez aritu zen hezitzaile lanetan Aterbea zentroan (1977-2007), erretiroa hartu arte. Amaia taldearen (1968-1971), Mende Berri elkartearen (1971-1979) eta Ezker Berri haren adar politikoaren (1976) sortzaileetarik bat izan zen. Azken honek, Gernika izeneko hilabetekaria argitaratu zuen, baina handik guttira utzi zuen.

1980ko hamarkadaren hasieratik goiti, Gabi Oyharçabalek politikalki engaiatzen segitu zuen, Euskal Batasuna, Abertzaleen Batasuna eta azkenik, Euskal Herria Bai alderdien baitan. Bestalde, Batera plataformako kide aktiboa da ere. Bestalde, Gabi Oyharçabal giristino engaiatua da ere. Hala nola, Gitta Mallasz-en Dialogue avec l’Ange liburuaren euskarazko itzulpenaren egilea dugu.

Grabaketak

# Erref. Izenburua Data Iraupena Grabaketa herria Elkarrizketatzaileak
1 246 246 - Gabriel (Gabi) Oyharçabal 2015-11-03 1:11:40 Uztaritze Terexa Lekumberri

Pasarteak

CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.