Pantxoa Etchegoin

Sorturtea: 1960

Afiliazio herria: Angelu

Pantxoa Etchegoin-Elissagaray (1960-) Baxenabarreko Jatsu herrian sortu da, 1960ko irailaren 11n, « Ibarnekoborda » etxean. Aita-amak laborari etxetiarrak zituen, eta laborantzatik erretiratu ondoan, Suhuskunera joan ziren bizitzera.

Oroz gainetik, euskararen eta euskal kantuaren amodioa dauzka. 17 urtetan, kantuz hasi da, Behorlegiko Christian Etcheverry lagunarekin, bikote gisa; ondotik « Ibaia » taldea sortzen du beste musikari batzuekin.

1980ko hamarkadan, jokalari gisa Iparraldeko euskal antzerkietan aritu da, Xirrixti-Mirrixti taldean, eta Daniel Landart idazlearekin batera, « Gazteluko mutxurdinak » deitu obra idatzi du, 1986an. Halaber, 1984tik lekora, Euskal Antzerki Taldeen Biltzarrea elkarteko lehendakaria izan da hamabi urtez.

Antzerki jokalari izan da ere Erramun Bachoc soziolinguistak sortu zuen « Euskaraz bizi », euskararen ikasteko multimedia metodoan. Halaber, zazpi urtez, Ipar Euskal Herriko AEK federazioarentzat, Baionako eta Hiriburuko gau eskoletan euskararen irakasle izan da. Hainbat itzulpen lan egin du (frantsesa-euskara) anitz alorretan, besteak beste « Kometa » deitu haur aldizkariarentzat. Urte haietan, lehenik Radio Adour Navarre irratian, eta gero Gure Irratian, literaturaren inguruko euskal emankizunak egin ditu, eta bere ahotsa kultura ekoizpen ezberdinetan entzun izan da.

Lanbide bezala, hamazazpi urteetan hasirik, Baionan egon da hamar urtez, nazioarteko komertzio enpresa batean. 1991tik 1997a arte, Baionako Industria eta Merkataritza Ganbaran, « informazio-komunikazio » zerbitzuetan lan egin du, eta euskararen presentzia sarrarazi du erakunde horretan, hainbat euskarri eta bideo berezietan, hala nola komunikabideetako euskarri edo gidaliburuetan, eta « Euskaldunak eta Amerikak » ekoiztu erakusketan.

Urte haietan, erabakitzen du, bere lana segituz, euskal ikasketen egitea, Baionako Fakultatean (Pabeko eta Aturri lurraldeetako Unibertsitatea). Euskal ikasketen lizentzia eskuratzen du, eta ondotik Master 1 diploma, ikerketa lan bat hasiz izenburu honekin : « Txorien adierazgarria euskal ohizko kantuen amodiozko gaietan (1857-1967) ». Gai honen inguruan, eta orokorkiago euskal kulturaz, hainbat mintzaldi egin du, nola Ipar, hala Hegoaldean, baita ere Euskal Herritik kanpo.
Berrikiago, hiru ikusgarrietan parte hartzen du : « Xalbador, bat-bateko mirakulua » disko eta ikuskizunetan, Xabier Amuriza bertsulariarekin batera (1999), « Iratzeder, olerkiz olerki » ikusgarrian (2003), halaber Daniel Landartek moldatu « Etxea eta etxekoak » irakurketa musikatuan (2017).

1990ean, Iparraldeko Euskal kultur erakundearen sortzailetarik izan da, eta administratzaile egon da zazpi urtez, besteak beste diruzain gisa. 1997an, 37 urte dituelarik, EKEko zuzendari izendatua izan da eta 24 urtez, 2021a arte, lanpostu hori atxiki du. Bere lantalde profesionalarekin, jatsiarrak sortu eta bultzatu ditu hainbat ekimen, hala nola euskal kantuaz eta musikaz asmatu « Kantuketan » deitu egitasmo zabala, ondotik « Batekmila », « Hogei’ta » edo ahozko euskal ondareaz egin « Eleketa » programak, ahantzi gabe multimedia erakusketen ekoizpena (azkenik « Soka » erakusketa – 2015), mugazgaindiko harremanen garapena, elkartekiko arartekolaritza eta kultura-arte trukaketak, Euskal Herrian eta munduan gaindi.

Grabaketak

# Erref. Izenburua Data Iraupena Grabaketa herria Elkarrizketatzaileak
1 MB-278 Hazparneko galarrotsak 1985-05-11 0:15:17 Hazparne Maite Barnetche
2 ARRAGOA-9 Pantxoa Etchegoin: Euskal kultur erakundea eta antzerkia 2007-10-12 0:08:02 Uztaritze Eugenio Arozena
3 Euskalkiak-eus-1 Euskalkiak.eus: Pantxoa Etchegoin 2016-01-30 0:09:13 Uztaritze Koldo Zuazo
CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.