Patxi Noblia

Sorturtea: 1944

Afiliazio herria: Angelu

Patxi Noblia Angeluko familia burges batean sortu zen 1944ko apirilean. Zortzi haur ziren. Gurasoak medikuak ziren. Amak lanbidea utzi zuen haurrez arduratzeko eta aitak urteko 6 eta 9 hilabete artean Boli Kostan pasatzen zituen landa mediku eta kakao landatzaile eta esportatzaile lanetan (familiak txokolategiak zituen, besteak beste Kanbon).

Goizik hasi zen eskolan (lehen maila Angeluko Stella-Maris eskolan eta kolegioa Baionako Saint-Louis-de-Gonzague-n). Baxoa 1960an lortu zuen, Baionako Villa Pia lizeoko 16 urteko ikaslea zenean.

Merkataritza eskola batean sartzeko gazteegia zenez, Pasaian (Gipuzkoa) egon zen urte batez, Donostiako jesuiten merkataritza eskolan klaseak hartuz eta aldi berean portuan eta taberna batean lan eginez.

Urte hura, eskola mailan antzua izan zen, baina bestalde bere lehen "biziaren eskola" izan zen.

1961eko irailean Parisko merkataritza eskola bateko prestakuntza kurtsoan sartu zen. Orduan Euskal Etxeko eta euskal ikasle taldeko kide sartu zen. Bi urtez Frantziako hiriburuan ikasi eta, herrialde bereko Bordelera joan zen zuzenbidea ikastera urte batez.

Ondotik, Enbata mugimenduaren jardueretan parte hartu zuen, eta mugimenduko permanente bilakatu zen 1965ean. Orduan ikasketak bertan behera utzi zituen.

1968ko urtarrilean Pantxika Campandegui-rekin ezkondu eta familiak Normandian zuen txokolategiaren zuzendaritza hartu zuen.

1970ean Txabi semea sortu zen (Elorri alaba 1975ean) eta biziak beste norabide bat eman zion. Ramuntxo Camblong-en lehengusua zen I. Martinez Galdeano Donostiako enpresa gizona ezagutu zuen. Galdeanok sukalde eta bulego altzariak saltzen zituen eta banaketak Ipar Euskal Herrira, Frantziara eta Europara hedatu nahi zituen.

1970 bukaeran, Ziburuko Arintasuna hotelean Enbata mugimenduko lagun batzuekin bilkura eginik (artean Ramuntxo Camblong) eta Ipar Euskal Herriko ekonomia beren gain hartu nahian, Patxi Nobliak 1971ko apirilaren 26an Sokoa enpresa (bulegoko aulkiak) sortu zuen Hendaian. 2008an erretreta hartu arte Zuzendari Nagusi izan zen.

Beste batzuekin, 1980an Herrikoa sortu zuen, Ipar Euskal Herriko garapen ekonomikoaren aldeko sozietatea. Herrikoako lehendakari izan zen 1989arte.

Gaur egun oraindik, Patxi Noblia 230 langile dituen SOKOA enpresako administrazio kontseiluko lehendakaria da.

Diktadura frankistaren azken urteetan sortu enpresak hasieratik euskal preso politikoak kontratatu zituen. Horregatik 1986an polizia operazio handia pairatu zuen, eta bere zuzendari nagusia hilabete batez espetxeratua izan zen. Abertzalea, Patxi Nobliak Euskal Herriko bizi politiko, ekonomiko eta kulturalaren gorabehera guztiak ezagutu ditu.

Grabaketak

# Erref. Izenburua Data Iraupena Grabaketa herria Elkarrizketatzaileak
1 MB-268 "Herrikoa" sozietatea 1985-01-05 0:14:59 Baiona Maite Barnetche
2 258 258 - Patxi Noblia 2016-01-28 1:21:07 Hendaia Terexa Lekumberri

Pasarteak

# Izenburua Iraupena
1 Patxi Noblia: aurkezpena 0:05:33
CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.