Pierre Labadie

Sorturtea: 1891

Heriotze urtea: 1918

Afiliazio herria: Hazparne

Pierre Labadie, Hazparnen sortua 1891ko urtarrilaren 8an, laboraria zen. 1918ko uztailaren 5ean hil zen Alemanian preso zelarik, Sprottau kanpamenduko ospitalean.

Aitamak 1890ko urriaren 29an ezkondu ziren: aita, Arnaud Labadie, laboraria, Aiherran sortua zen 1872ko abenduaren 1ean. Ama, Marie-Baptiste Pochelu, Hazparnen sortua 1869ko uztailaren 22an.  

Pierre Labadie Gratienne Durruty hazpandarrarekin ezkondu zen, 1869ko urriaren 19an. Gratienne alarguna berriz ezkondu zen 1920an Pierre Mouscardits-ekin. Gratienne Durruty 1969an zendu zen 81 urtetan.

 

Soldadoaren eta presoaren ibilbidea

1912ko urriaren 10ean sartu zen Baionako 49garren Infanteriako erregimentuan. 2garren klaseko soldado, gerlara joan zen 1914ko abuztuaren 2an. 1914ko abuztuaren 23an Gozée-ko guduan (Belgika), kolpatua izan zen. Desagertua zena preso sartua izan zen Dülmen-eko (Westfalia) kanpamenduan. Gune huntatik pasatzen ziren presoak bideratuak ziren, edo beste preso-esparruetara edo beste kommandoetara. Nazioarteko Kurutze Gorriaren gunean ikusgai den dokumentuan (P 71940), Münsterretik Merseburg igorria izan zen 1917an.
Lehen urtean, preso kolpatuetan ezarria izan zen eta ondotik preso "soil" gisa, hil arte 1918ko uztailaren 5an, Silesian, Sprottauko ospitale militarrean, tuberkulosia gaixotasuna zuten presoen kanpamenduan.

Prusiako Komisio fonografikoak grabatu zuen Stolberg-en, 1917ko abuztuaren 1ean, beste 4 euskaldunekin, Antoine Suhas, Laurent Issuribehere, Jean-Noël Irigoyen eta Jean-Baptiste Mendibururekin.
"Haur prodigoaren parabola" irakurtu zuen, eta ixtorio bat ("ohoinaren aitortza").
Grabaketa bakoitz Komisioak betetzen duen fitxan, xehetasun asko idatziak dira : izen-abizena, sortze data eta lekua, ofizioa, erlijioa, etab.). Hermann Urtelek zehazten du grabaketa lekua (lo gela batean). Azpimarratzen du Labadie guti ibilia dela eskolan (2 urte), analfabetoa dela, ez dakiela ez irakurtzen ez eta idazten. Eta beraz, irakurtzen duen testua xuxurlatua zaiola ("Der text wird vorgeflüstert"). Jean-Baptiste Mendiburu Donibandarraren kasuan bezala funtsean, egun berean lehentxeago grabatua izan zena.

Zoritxarrez, 11 hilabete geroago 1918ko uztailaren 5ean, Pierre Labadiek azken hatsa eman zuen, "zerbitzuan bildu gaixotasunaren ondorioz" MémorialGenWeb guneko identifikazio fitxak dionaz, bere ahaideetarik urrun, gerlaren bukaera hurbila ezagutu gabe, Alemanian preso egon ondoan kasik gerla garaia guzian. Bere gorpua Sarrebourg-eko (Mosela, Frantzia) gerlako preso frantsesen Nekropoloan ehortzia dago (hilobia: 8007 zka).

49garren Infanteriako erregimentuak argitaratua duen dokumentuan, Pierre Labadie zerrendatua da gerlan hil edo zaurien ondorioz hil diren 2. klaseko soldadoetan, nota honekin: "mort pour la France le 5 juillet 1918, P. G.".

Geroztik Pierre Labadieren izena betirako zizelkatua da Gerla Handiaren biktimen oroimenez altxatua izan den Hazparneko gerlari ohien oroitarrian.

Iturriak:

- Prusiako Komisio fonografikoaren fitxa © Lautarchiv, Humboldt-Universität zu Berlin (EKEn kontsultagarri grabaketetako beste dokumentu guziekin)

[sarean]:

- © Pirineo-Atlantikoetako Artxibo Zerbitzua - Frantses Armadako erregistroa: http://earchives.le64.fr/archives-en-ligne/ark:/81221/r243146zpdl1kk/f1?context=militaire::140686
- Historique du 49e Régiment d'Infanterie pendant la guerre 1914-1918 (PDF), Imprimerie Berger-Levrault, Paris, 1919. B. D. I. C. Transkripzioa: P. Chagnoux, 2015. 
- MemorialGenWeb: http://www.memorialgenweb.org/
- 1914-1919 gerlako presoen Nazioarteko Agentziaren artxiboak, Nazioarteko Kurutze Gorria Komitearen gunean: https://grandeguerre.icrc.org

Grabaketak

# Erref. Izenburua Data Iraupena Grabaketa herria Elkarrizketatzaileak
1 BER-06 BER-06 - Pierre Labadie 1917-08-01 0:07:08 Hazparne Königlich Preußische Phonographische Kommission, Hermann Urtel

Pasarteak

CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.