Koldo Zabala 1935eko abenduaren 21ean sortu zen, Bizkaiko Getxon.
1936ko gerla zibiletik ihesi, Biarritzera heldu zen, familiarekin, bigarren mundu gerlaren hastapenean. 1942an, Bizkaira itzuli zen, zenbait denboraz, amarekin (eskolan beti diskriminatua izanik, han ohartu zen euskalduna zela) eta behin betiko Biarritzera itzuli, 1946an. Han, bere 6 anai-arrebetarik batzuekin elkartu zen, Gurseko preso kanpamendutik berriki atera baitziren.
1947az geroz Oldarra taldeko dantzari izanik, Koldok, 1953an, dantzari klasiko bilakatzea erabaki zuen eta Parisera joan zen ikastera. Dantza-maisu handien ikasle izan zen (lehenik, Alexandre Volinine, gero, Yves Brieux-Ustaritz), 1955ean, herrira itzuli zen eta Oldarra Euskal Balleten zuzendari artistikoa izan zen, 1982 arte, erregularki Yves Brieux irakaslearekin ikastera joaten segituz.
1982an, dantza klasikoko irakasle konkurtsoa iragan zuen eta Baionako Kontserbatorioko postua erdietsi. Oldarran segitu zuen, koreografo eta ballet zuzendari gisa, lehenik langile (1986 arte), eta gero borondate oneko laguntzaile gisa.
Koldo Zabala lau haurren aita zen. 1960ko urteetan sortu ziren (1963, 1966, 1969, 1972). Denak dantzari izan dira, baina haietarik nehork ez zuen Oldarra Balletetan haren segida hartu nahi izan.
1950-1980 urteetako Ipar Euskal Herriko dantza munduko beste bi eragile nagusirekin, onartu zuen, 2011n, Mizel Théret-en sorkuntza batean ("Oroitzen naiz") parte hartzea, beren ibilbidea erakutsiz.
Grabaketak
# | Erref. | Izenburua | Data | Iraupena | Grabaketa herria | Elkarrizketatzaileak | |
---|---|---|---|---|---|---|---|
1 | MB-45 | Oldarra balletak | 1974-02-18 | 0:15:57 | Biarritz | Maite Barnetche | |
2 | 141 | 141 - Koldo Zabala | 2012-02-02 | 2:11:57 | Biarritz | Terexa Lekumberri |