Covid krisiaren eragina bere proiektu berrietan

Pandemiarengatik ez genuen gure azken proiektua sortu ahal izan. Uda huntan aldiz, erraten hasi ginen ez zela posible deus egin gabe segitzea. Kontzertu ziklo bat antolatu genuen, agorrilean, irailean eta azaroan eta publikoak ongi erantzun zuen; horrek erakutsi digu gogoa bazela. Orduan, ondoko udazkenerako proiektu bat gogoetatzen ari gara, behar dugulako uste dut. Azken bi urteetan gehien faltan bota dudana da jendeekiko harreman natural eta sano bat edukitzea. Alegia, berriz elkartzearen beharra sentitzen dut eta uste dut denok behar dugula besta giro batean berriz elkartu.

Orduan urriaren 29 eta 30ean, nahi genuke aurretik genuen proiektu bat finkatu. Kontzertu sekretu batzuk izanen dira Saran eta gero bi gaualdi, ostiralean eta igandean, beste kontzertu klasikoago batzuekin. Denetarik izatea nahi dugu, musika kontsumitzeko modu berria sortu. Jendea etorriko da Sarara jakin gabe sobera zer/non ikusiko edo entzunen duen. Ideia da publikoa heltzean mapa bat ematen diogula indize batzuekin eta lekuak atzeman behar dituela, kontzertuak leku ezkutuetan antolatuz. Gero beste hamar bat artista gonbidatu nahi dugu Larrun puntan artista egonaldi batera, eta bertan sortuko dutena gero igandean eskainiko dute. Katalunia, Frantzia eta Euskal Herriko artistak ekartzea da gure asmoa. Dena ez dugu hemen errango orain, baina ari gara proiektua fintzen. Izenari doakionez, Mapa galduak deituko dugu. Istorio luzea da baina erran daiteke Eskozian erreferente dugun festibal batek Lost map izena duela.

Artista egonaldiari doakionez, Mugarri 26 deituko dugu, izan ere Sara kasik Nafarroan da. Mugarik ez da baina "Mugarri 26" bat dago Larrun aldean eta inguru hartan, lagun batek bentta bat badu. Mugaldeko saltegi horretan sekulako aldaketak egin ditu. Kendu ditu turistentzat zituen girgila eta panpin guztiak eta ostatua, erakusketa eta kontzertu gela ttiki bat egokitu ditu horien ordez eta azpian gela batzuk. Leku hori giroz eta edukiz garatu asmoz, elkarrekin hitz eginez adostu dugu egonaldi hori antolatzea; orduan hamar artista aste batez autarkian geldituko dira harekin bentan. Seguraski gure disketxeko zenbait artista izanen dira eta beste batzuk ere: Gernikako Aitor Etxeberria, Gartxot, Kanadako artista bat, eta iparraldeko beste batzuk ere bai. Aitzinetik horien proposamenak landuko dituzte, gero aste batez elkarrekin lan egiteko. Gero ikusiko dugu nahasketa horrek zer ematen duen. Horretarako, Folk Zirka deitzen zaion kontzertu modu bat eman nahi dugu, borobilean eta artistak erdian mugituz, instrumentuak trukatuz. Hori da asmoa.


Lekukoa(k): Joanes Garcia-Basurko

Artxibo-funtsa(k): Euskal kultur erakundeko artxiboak

Bilduma: "Euskal kulturaren lekuko" elkarrizketak

Lekukotasun sorta(k):

Elkarrizketatzailea(k): Jasone Iroz

Data: 2022-02-27

Iraupena: 0:03:56

Erreferentzia: EKL-27-EKL 27-7

EKE-ren artxibo-kodea: EKL 27-7

Gaia(k): Kultura, Kantua eta musika


Eskubideak eta erabilpen baldintzak

Orri honetako edukiak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala 4.0 Nazioartekoa Baimen baten mende daude (CC BY-NC-SA 4.0).

Baimendua zara web-orrialde honen edukiak (testuak, irudiak edo dokumentuak) partekatzeko eta eduki horietatik abiatuta lan edo eduki eratorriak egiteko. Baldintza bakarra da, beti, edukien jatorria aitortzea (CC BY-NC-SA 4.0 - Euskal kultur erakundea - Institut culturel basque - www.mintzoak.eus), eta adieraztea aldaketarik egin bada jatorrizko edukietan. Ez zara baimendua etekin ekonomikorik egitera. Edukiak haien jatorrizko lizentzia berdinarekin erabiltzera behartua zara.

CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.