Xiberotik Xiberora, bitartean egin duen bidea

Lekukoa(k): Elsa Oliarj-Inès

Lavaur herrian sortu naiz 1988an baina ez naiz sekula hara itzuli, orduan ez dut batere ezagutzen. Nire burasoak sei hilabete nituenean etorri ziren hona bizitzera. Aita albaitaria zen eta egiazko kabalak, hots behiak, zaldiak, ardiak artatu nahi zituen eta ez katu eta txakurrak bakarrik, orduan hona etorri ginen. Hemen aitamek, euskara ikasi zuten eta gu anai-arrebak ikastolara joaten ginen. Gero nik literatura eta zinema anitz maite nituenez, Baionako lizeora joan nintzen, zinema hautuzko gai bezala eskaintzen baitzuten. Ondoren, Parisera, Sorbonne berriko Literatura eta zinema master baten pasatzera joan nintzen eta dokumentalarekin topo egin nuen. Bereziki, Chronique d'un été, Jean Rouch eta Edgar Morinen lan bat ikustean argi eduki nuen. Dokumentalaren formatua, hain libre, hain eder, hain poetikoa ikusirik, nire bizia horri buruz joatea erabaki nuen. Gero Lussas herrira joan nintzen dokumentalen sorkuntzaz master baten egitera. Han idatzi nuen nire lehen dokumentala Dans leur jeunesse, il y a du passé izenekoa eta horrela hasi nintzen dokumentalak egiten.

Hortik landa, nire anaiak proposatu zidan bere proiektua segitzea eta horrek beste film bat ekarri zuen: Les airs sauvages-Basahaideak. Hor nire anaiaren lana jarraitu nuen, musikariaren ikuspuntutik, hots kantu zaharrak nola gurutzatu daitezkeen jazz edo rock musikarekin, baina lehengo ahaideen erroak galdu gabe. Nik lan hori filmatu nuen eta ber momentuan, nortasuna proiektua hasi nuen. Egia erran, aita 2014ko maiatzean hil zen eta irailean hasi nintzen Sohütako ikastolako haurrak grabatzen. Uste dut horren atzean bazela nonbait hona maiztasun batekin itzuliko nintzela segurtatzeko aitzaki moduko bat. Lan hori ere nortasunaz ari da, nola osatzen den nortasuna, urtez urte jarraipen bat eginez. Lan hori biziki luzea da, hemeretzi haur dira gelan eta denak filman agertzen dira, entziklopedia moduko bat da. Egia erran, ez dakit zuzen noiz eta nola bukatuko den proiektua, baina horretan nabil.


Lekukoa(k): Elsa Oliarj-Inès

Artxibo-funtsa(k): Euskal kultur erakundeko artxiboak

Bilduma: "Euskal kulturaren lekuko" elkarrizketak

Lekukotasun sorta(k):

Elkarrizketatzailea(k): Jasone Iroz

Data: 2023-09-22

Iraupena: 0:05:15

Erreferentzia: EKL-35-EKL 35-3

EKE-ren artxibo-kodea: EKL 35-3

Gaia(k): Familia eta harremanak, Zinema, Ibilbide profesionala


Eskubideak eta erabilpen baldintzak

Orri honetako edukiak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala 4.0 Nazioartekoa Baimen baten mende daude (CC BY-NC-SA 4.0).

Baimendua zara web-orrialde honen edukiak (testuak, irudiak edo dokumentuak) partekatzeko eta eduki horietatik abiatuta lan edo eduki eratorriak egiteko. Baldintza bakarra da, beti, edukien jatorria aitortzea (CC BY-NC-SA 4.0 - Euskal kultur erakundea - Institut culturel basque - www.mintzoak.eus), eta adieraztea aldaketarik egin bada jatorrizko edukietan. Ez zara baimendua etekin ekonomikorik egitera. Edukiak haien jatorrizko lizentzia berdinarekin erabiltzera behartua zara.

CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.