Paristarrak nardatzen euskal jatorriarekin

Lekukoa(k): Marie Darrieussecq

"Orain dela bulta bat, duela hogei bat urte, nire euskal jatorria aldarrikatzen nuenean, paristar jakobinoak nardatzen nituen, bereziki nire argitaratzaileak; asko maite ditut baina nitaz trufatzen ziren pixka bat. Oso zaila da ulertaraztea aberastasun bat dela, ez eraso bat. Hasier Etxeberria lagunak erraiten zidan Hendaian bertan, okindegi batera zoazenean ogi bat euskaraz eskatuz, terroristatzat hartzen zaituztela. Orduan, Parisen ezinezkoa da erabat. Bon, anitz idatzi dut horri buruz, espero dut nonbait lagundu dudala gauzak alda daitezen. Dena den, bizi garen garaiak ez du deus ikustekorik nire gaztaroarekin. Identitatearen gaia ez da leku berdinean, eta terrorismoarena ere lekuz aldatu da. Egiazki, dena aldatzen da abiadura handian. Ematen du euskal gaia modu baketsuan konpondu dela eta aldi berean ahaztua izan dela ere, paradoxikoki; tokiko gaia bilakatu da biziki eta badirudi Madrilen eta Parisen besterik badutela egiterik. Garai oso ezberdina da. Mespretxua dago herri txikiekiko, erruduntasuna ere bai. Gogoratzen dut GALen (Groupe Antiterroriste de Libération), ETAren kontrako milizien gaia ez dela argitu oraindik. Oso gai iluna da beti. Madrildik, Espainiako komisaldegietan gertatu tortura kasuez eta hori guztiaz ez dago lasaitzerik. Ez dago hitz sinesgarririk. Gero, nahasmendu handia izan zen 2004an, Madrilgo geltokietako atentatuak gertatu zirenean, Aznar, ETA izan zela erranez atera zenean. Biziki ongi gogoratzen naiz. Izan ere martxoaren hamaikan izan zen eta nire alaba martxoaren 8an sortu zen; orduan, ni amategian nintzen, nire umetxoarekin nire burbuilan, eta Aznar entzun nuen irratian ETA izan zela erraten. Nire baitan, “ez, ez da posible” pentsatzen nuen. Hainbat arrazoiengatik ezin zen ETA izan. Gainera egiazko suizidio politikoa izan zen Aznarrentzat. Momentuan, haustura bat egon zela pentsatzen dut, gauza ezberdinengatik. Lehenik, terrorismoa islamista bilakatu zelako, beste terrorismoak “has been” bihurtuz. Izugarri da ikustea nola bortizkeria batek beste bat zaharkiturik uzten duen. Erdiragarri iruditzen zait. Nahasmen politiko handi bat izan zen ere, eta beste aro batean erori gara, bat-batean, oso bortizki. Iruditzen zait guzti hori ez dela sendatua izan. Gero, bake prozesu oso polit hori gertatu da, nahiz eta ulertzen dudan hitzak berak kritikak jaso izana. Ni zinez bortizkeriaren kontra naiz eta biktimak entzuten ditut. Ni biktimen aldekoa naiz, baina ulertu dezaket ere herri honetan independentziaren aldeko nahikundea izatea. Halere, ezerk ez du bortizkeria justifikatzen. Independentziaren aldeko nahikundeari trufa egin dio bortizkeriak. Parisek mespretxatu du eta Madril-ek bortizki erantzun dio. Nik pairatu dut hori. Ondorioz, paristarrek ez dute piperrik ulertzen. Irlandesekin nahasten dute ere, eta egia da antzekotasunak direla.

Bake prozesua oso noblea izan da Kofi Annanekin, Pierre Joxekin, boz zoragarriekin, baina iruditzen zait bost axola zaiela Parisen. Oso harrigarri da. Nik artikuluak idazten ditut gaiaz, baina agian (irribarrez) gu hunkitzen gaitu bakarrik, euskaldunok".


Lekukoa(k): Marie Darrieussecq

Artxibo-funtsa(k): Euskal kultur erakundeko artxiboak

Bilduma: "Euskal kulturaren lekuko" elkarrizketak

Lekukotasun sorta(k):

Elkarrizketatzailea(k): Jasone Iroz

Data: 2018-07-19

Iraupena: 0:04:09

Erreferentzia: EKL-7-2

EKE-ren artxibo-kodea: EKL-7-2

Gaia(k): Literatura eta irakurzaletasuna, Euskal nortasuna


Eskubideak eta erabilpen baldintzak

Orri honetako edukiak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala 4.0 Nazioartekoa Baimen baten mende daude (CC BY-NC-SA 4.0).

Baimendua zara web-orrialde honen edukiak (testuak, irudiak edo dokumentuak) partekatzeko eta eduki horietatik abiatuta lan edo eduki eratorriak egiteko. Baldintza bakarra da, beti, edukien jatorria aitortzea (CC BY-NC-SA 4.0 - Euskal kultur erakundea - Institut culturel basque - www.mintzoak.eus), eta adieraztea aldaketarik egin bada jatorrizko edukietan. Ez zara baimendua etekin ekonomikorik egitera. Edukiak haien jatorrizko lizentzia berdinarekin erabiltzera behartua zara.

CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.