Kabalkada sortzeko lan-prozesua

Lekukoa(k): Maiana Aguerre

"Horrelako proiektu bat eramateko, jende anitz ari denez, talde finko bat behar da, erregularki lanean ari dena. Gu lau gara kudeaketa talde horretan eta gero ardura bat jarri diegu hainbat herritarreri. Adibidez musika kudeatzaile bat dago eta hura arduratzen da hamar musikarien lanaz. Elkarrekin musika idazten dute eta gero, pertsona hori guregana heldu da zer dantza egin nahi dugun edo zer musika nahi dugun galdegiteko. Gauza bera da antzerkiarentzat, gutariko bat arduratzen da lau pertsonez osaturiko antzerki taldeaz eta gero elkarrekin aipatzen dugu antzerkia, materiala eta abar. Dantzan aldiz, guk dugu dena deliberatu eta dantzak asmatu, kurtsoak ere guk ematen ditugu eta gero aitak, ottok eta familiakoek erreleboa hartu dute. Izan ere kabalkadan ehun eta hogeita hamar dantzari ditugu eta hogeita hamar bat pertsona inguru antzerkian. Egiten du jende eta kudeaketa ainitz baina jendea hor da laguntzeko eta zinez biziki giro goxoan ari gira.

Hastapenean egia erran, jendeari kabalkada antolatzeko asmoaren berri eman geniolarik, batzuk pixka bat beldurtu ziren, jadanik gazte ginelako. Aitzineko kabalkadako antolatzaileek erran ziguten lan anitz zela, biziki antolatua izan behar zela eta haiek ez zutela ardura hori hartu nahi, aurreko edizioan pisuegi izan zitzaielakoan. Egia erran, hastapenean beldurtu gintuen horrek. Gero anitz hitz egin genuen gure aita-amen belaunaldikoekin; haiek dantzari gisa bizi izan zuten eta zinez baikor ziren eta motibatu gintuzten. Azkenean, gure artean indarrak hartu eta kabalkadaren proiektua aurrera eramatea erabaki genuen. Niretzat, horrelako zerbait hasteko, zinez gure arteko harreman sendoa izan behar zen. Gero jendeari erakutsi genion programazioa egina zela eta erakutsi baita ere gazte izanik ere, gauzak antolatzen bagenekiela, ez zela bakarrik asmoa bat airean, ohartu ginela diru mailan zein antolakuntzan lan handia bazela. Azkenean jendeari ohartarazi diogu gai ginela horrelako proiektu bat kudeatzeko eta ondotik, jendeak motibaturik erantzun du.

Bestalde, dantzak leku anitz hartzen du. Kabalkada bat muntatzeko, behar dira dantza berriak sortu, nahiz eta Ataitze dantza taldean, euskal dantza tradizionalak, mutxikoak modu tradizionalean eskaintzen ditugun. Guretzat, euskal tradizioa atxikitzea inportantea da, beraz mutxiko luze batzuk ematen ditugu gogoz, lehenengo pausuekin, kodeak atxikitzen ditugu dantzak modu tradizionalean eskaintzeko. Gero fandangoa eta arin-arina sorkuntzak dira, gabota ere moldatu dugu baina entseatzen gira pausoak diren bezala atxikitzea.

Dudarik gabe, sorkuntza handiena antzerkia da, toberak, hor zerotik hasi gira. Helburua da Itsasuko istorioak aipatzea, izan diren gertakariak, pixka bat zailtasunekin aipatzen diren kontuak, manera batez agertzea. Herriko lau antzerkilarik idatzi dute elkarrekin, sekulako lana egin dute zinez.

Musikalki ere sorkuntzak behar dira. Dantza berriek musika berria eskatzen dute. Musika tradizionalak ere aberasten saiatu gira.

Kostumentzat azkenik, berrikuntza batzuk ekarri ditugu kanpoko jantziak galdeginez beste dantza taldeetan eta Itsasuko taldearen jantziak atxiki ditugu, erreberrituz.


Lekukoa(k): Maiana Aguerre

Artxibo-funtsa(k): Euskal kultur erakundeko artxiboak

Bilduma: "Euskal kulturaren lekuko" elkarrizketak

Lekukotasun sorta(k):

Elkarrizketatzailea(k): Jasone Iroz

Data: 2019-08-21

Iraupena: 0:06:07

Erreferentzia: EKL-11-5

EKE-ren artxibo-kodea: EKL-11-5

Gaia(k): Dantza, Kantua eta musika, Antzerkia


Eskubideak eta erabilpen baldintzak

© Euskal kultur erakundea

Egile eskubide guziak erreserbatuak. Edozoin erabilpenerako Euskal kultur erakundearekin harremanetan sar.

CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.