Michel Aurnague 1963ko martxoaren 18an sortua da, Baigorrin. 3 urte zituelarik, familia Uharte-Garazira bizitzera joan zen. Gazte denbora han iragan zuen. Eskola publikoan ikasi zuen, gero Donibane Garaziko Zitadela kolegioan, eta Baionako René Cassin lizeoan baxoa erdietsi. Goi mailako ikasketak egin zituen Bordelen eta Tolosa Okzitanian, non, informatika linguistika tesia aurkeztu baitzuen, 1991n. Urte berean, Ikerketa Zientifikoaren Nazio Zentroan (CNRS) sartu zen. Geroztik, frantsesari eta euskarari buruzko semantika lanak eramaten ditu: CLLE-ERSS (Kognizioa, Hizkuntza, Mintzairak, Ergonomia), Toulouse-Le Mirail - Jean Jaurès Unibertsitatean. Michel Aurnague 10 urteetan hasi zen dantza eta txistua ikasten. 12 urteetan, bere herriko kabalkadan eta Garaztarrak taldean sartu zen (Donibane Garazi). Han parte hartu zuen, 1975etik 1995era (1982 eta 1987 artean, Etorki eta gero Oldarra Euskal Balleta eta Koruetako kide ere izan zen). Bere familiak soinulari familia batzuekin (Bentaberry, Bourdette, etab.) zituen loturez baliaturik, 1978 eta 1983 urteen artean, lekuan lekuko inkesta bat eraman zuen, Garaziko musikari eta dantza-maisuei, kabalkadei, galarrotsei eta dantza jauziei buruz zuzendua. Hainbat koreografia egokitze eta sorkuntza abiarazi ere zituen (Garaztarrak taldearentzat: 1981-1991; Etorki: 1984; Kontrapasak: 2001). Hainbat egitasmotan parte hartu du, bai taula gainekoak, bai diskoak (Enrike Zelaia Baxe Nabarra: 1995; Eüskal Spiritü: 1999; Xut Zahar Berri Fanfarrea: 1999, Leinua txaranga Anaban: 2001). Michel Aurnaguek, Jean Aurnague bere lehengusu organo jolearekin, Philippe Oyhamburuk (Etorki) 1984an sortu Euskal Urrats balletaren musika asmatu eta jo zuen. Gainera, 1987an, Baionako kontserbatorioko urrezko medaila erdietsi zuen (txistu). Azkenik, Dantzaz ele erakusketaren asmatzaileetarik izan zen (1995), bai eta Donibane Garazin 1982an eta 1995ean iragan ziren Baxenabarreko kabalkada eta Besta Berri elkarretaratzeetako antolatzaileetarik.