Arnaud edo Allandu Bordaçarre 1936ko apirilaren 25ean sortua da, Irurin, Etxahunea etxaldean, bere aitak, Pierre Bordaçarre Etxahun-Iruri laborari olerkari autodidaktak famatu bilakatu zuen etxean. Hamabi urte arte, herriko eskolan ikasi eta, Allanduk nahitaezko eskolako azken bi urteak Atharratzen egin zituen, auzo herrietako gazte batzuekin batean, bereziki Aloze-Ziboze-Onizegainekoak eta Liginaga-Astüekoak. Han, bearnes irakasle batek, Darrière jaunak, dantzaren lehen irakaspenak eman zizkion. Nahiz eta eskolan euskararen erabiltzea debekatua izan, ikasleek euskal kantua ikasi zuten, bereziki Etxahun-Iruriren kantuak. Hamasei urteetan, Léon Salaber jaunaren errejent laguntzaile bilakatu zen, Abraham pastoralarentzat, eta berehala xiberotar dantzarentzat zaletasun handia piztu zitzaion. Batista Bürgübürü dantza-maisua ohartu zitzaion eta, 1952an, Atharratzeko Beñat Elgoyen irakaslearen dantza eskolan sartu zen. Denbora hartako dantzari, kantari eta musikari hoberenak ezagutu zituen. Dantzak xiberotarrei aukera ematen die hainbat aldiz aritzeko, bai Euskal Herrian, bai urrunago. Gisa hortan, Allandu eta Dominique Laxagueborde "Etchandyber" kantariek Etxahun-Iruriren kantuak bikotean ematen zituzten. Azken hau, kantagile, kantari, koblakari, bederatzi pastoralen egile eta antzerki mota horren berritzearen ikur, Xiberoan izan den pertsona ezagunenetarik da. Alde hortarik, Allanduk bere aitaz ematen duen lekukotasuna balio handikoa da. Jean-Michel Guilcher ikerlariak Xiberoan izan duen argibide iturrietarik izan da Allandu Bordaçarre. Kontalari oso ona da, bere esperientziak, ezagutzaz eta trukaketaz beterik, partekatzea gustuko duena. Bere lekukotasunaren bukaeran, xiberotar urrats eta puntuak erakusten ditu, bereziki gaur egun guti dantzatuak diren antrexatak, dantzaren laguntzeko musikan izan daitezkeen ñabarduren garrantzia azpimarratuz.