Jakes Bortayrou

Sorturtea: 1957

Afiliazio herria: Baiona

Jakes Bortayrou 1957an sortu zen Parisen. Parisera joan aitzin Hazparnen zapatagintzan aritua zen Maurice Bortayrou hazpandar sindikalistaren (1921-1996) semea da. Pariseren ondotik, lehenik 1961ean familia Bretainian finkatu zen (oinetakoen fabrikengatik ezaguna zen Fougères hirian), eta gero Angelura etorri zen bizitzera.

Jakes lau anai-arreben arteko hirugarrena zen. Bigarren hezkuntzako ikasketak Angelu-ko Endara kolegioan eta Baionako Cassin lizeoan egin zituen (1972-1975), eta ondoren, soziologia alorreko goi-ikasketak Bordelen (1975-1976/1980). Kultura militante eta sindikala ukanik, lizeoko Euskal Herriko Kluban sartu zen (Mende Berri elkarteak sorturiko klubak ziren, ikasleen artean euskal kultura sustatzeko). Bestalde, errefuxiatu politikoen aldeko lehen gose greba (1972) aktiboki sostengatu zuen, eta 1973an Euskal Gogoa talde politikoan sartu zen.

Engaiamendu politiko hori ezkerreko militante baten ibilbide luze bateko lehena izan zen: Euskal Gogoa, Secours Basque/Herriaren Alde (1975), Hordago (1977-1981), Laguntza (1981), Ezkerreko Mugimendu Abertzalea-EMA (1985), Oldartzen kolektiboa (1989), Herriaren Alde (1994), Abertzaleen Batasuna (1995), Euskal Herria Bai (2007). Jakes Bortayrou euskararen militante sutsua da ere: urte luzez hizkuntza ikasi ondoren (1973-1986), 1987tik goiti helduen euskalduntzeaz arduratzen den AEK-n aritu da lanean.

Azkenik, jendarte borroketan (etxebizitza denentzat, langileen eskubideak, bake prozesua) aktiboki parte hartzen duen pertsona da, 1983tik hona bizian lagun izan duen eta 1990ean sortu Kilmen semearen ama den Dominika Daguerre-rekin batera.

Grabaketak

# Erref. Izenburua Data Iraupena Grabaketa herria Elkarrizketatzaileak
1 302 302 - Jakes Bortayrou 2017-10-31 1:25:55 Uztaritze Terexa Lekumberri

Pasarteak

CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.