Dominika Oçafrain 1948ko otsailaren 9an sortu zen Bankako Oihanpe auzoko Espila izeneko etxan. Bederatzi neskez eta bi mutikoz osatzen zen familiako zortzigarren haurridea zen. Herriko eskola publikoan ibili zen 1954 eta 1962 urteen artean, CEP agiria lortu arte. Ondotik, herriko seroren jostundegian ibili zen menaiua egiten ikasten. Bere eskolaldi guzian, Espilatik herriraino zortzi kilometro baitziren, aste guzia izeba baten etxean pasatzen zuen, eta gero Tunionea izeneko etxean.
Hiru urte jostundegian pasatu ondoan, Dominika nagusiki familiako etxaldean aritu zen lanean, 1968an Jean-Léon herritarrarekin ezkondu zen arte. Bikotea Espilan plantatu zen etxaldea elkarrekin kudeatzeko. Lau haur ukan zituzten, 1969, 1972, 1975 eta 1976an sortuak. Semeetarik batek burasoen segida hartua du. Bestalde, Dominika haur eta nerabe elbarrituendako La Rosée etxean lan egin zuen, 1982tik 2008ra arte, hots erretreta hartu arte.