Maielen Echevarria

Sorturtea: 1925

Afiliazio herria: Kanbo

Maielen Echevarria 1925eko ekainaren 1.ean sortu zen Kanbo gaineko Arin Arin etxean. 3 urtetan, aitak Iriartea izeneko bere sortetxearen ondoan Kanbo beherean eraiki Kantoina etxera bizitzera joan zen.

1930etik goiti, Kanbo gaineko eskola pribatuan ibili zen. Zertifikata (1937) eta brebeta sinplea (1941) han erdietsi zituen. Espainiako gerla zibileko errefuxiatuen etorrera ezagutu zuen Kanbon, eta haietako batzuekin harreman hurbilak ukan zituen: hala nola Nikolas Ormaetxeak (Orixe) latina erakatsi zion, eta Aurea eta Eusebia Echevarria (amaginarreba eta koinata bilakatu zirenak) denbora batez bere etxean egon ziren bizitzen.

Baxoa 1946an lortu zuen Baionan, gaztelaniako lizentzia 1949an Bordelen eta Gaitasun Agiria 1949-1950ean Oloruen, Gurutze Sainduko nesken kolegioan klaseak ematen zituen ber.

Montpellier-en urte bateko ikastaldi pedagogikoa egin ondoan, Périgueux-eko Laure Gatet nesken lizeoan izendatua izan zen. Han 12 urtez egon zen (1951ko iraila-1963ko ekaina).
Urte zail baina aberats haietan, Jesus Echevarria senarraren loratze artistikoa ezagutu zuen. Jesus Baranbioarra (Araba) zen eta 1945ean iritsi zen Kanbora, 7 urtez Euskal Herriko eta gero Espainiako presondegietan preso egon ondoan. Bikotea Euskal Herrira itzuli zen behin betiko. 1963ko irailetik goiti, Maielen irakaskuntzan hasi zen, lehenik Baionako Cassin lizeoan (1963-1975) eta ondotik Kanboko Errobi kolegio publikoan (1975-1985).

Bere senarraren ibilbide artistikoa suharki sostengaturik, 1950 urteetarik goiti bere margolaritzarako dohainak erakusten hasi zen, bai Jesus-en zizelkaduren bai eta bere obra propioen bidez ere. Bere akuarelek, bai eta olio eta pastel obrek ere egunerokotasunaren poesia erakusten dute eta franko laster erakusketa batzuetan aurkeztu ahal izan zituen. Senarraren eritasunarengatik, (2009an zendu zen), etxean lan egin behar izan zuen (eta ez beren tailerrean), tinta eta bolalumarekin.
Maielen Echevarriak Kanborekin zerikusia duten haurtzaro eta gaztaroko oroitzapen anitz aipatzen dizkigu.

Grabaketak

# Erref. Izenburua Data Iraupena Grabaketa herria Elkarrizketatzaileak
1 KAN-001 KAN-001 - Maielen Echevarria 2012-12-11 1:16:00 Kanbo Ahotsak.eus
2 284 284 - Maielen Echevarria 2016-11-21 1:39:23 Kanbo Terexa Lekumberri
3 GI-ELEKETA-27 Eleketa #27: Maielen Echevarria 2016-11-21 0:14:33 Kanbo Terexa Lekumberri

Pasarteak

CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.