Pierre "Pierrot" Etchelecou 1923ko urriaren 21ean sortua da, Arbona Duhartenean, eta fite herri erdian den Elizondoa etxera joan zen bizitzera, amaren aldeko aitatxi-amatxi han bizi baitziren. Zazpi anai-arrebetarik zaharrena da.
Herriko eskola publikoan ibili zen, zertifikata erdietsi arte, hamaika urteetan (1935 inguruan). Mekanikari aprendiz gisa hasi zen, Biarritzeko Harausta (frantsesez: La Négresse) auzoaldeko garaje batean. Han ari izan zen, 4 urtez, gerla hasi arte.
17 urteetan, Moussempes teileriako langile bilakatu zen, beti Biarritzeko Harausta auzoaldean, bi urtez (1940tik 1942ra). Lan Behartuaren Zerbitzutik (STO) ihes egiteko, aire armadan sartu zen, Tolosa Okzitanian. 22 urtez, Armadan egon zen (1942-1965).
Orduan ezkondu zen (1952) eta hiru haurren aita da. Aita zendu zitzaiolarik, 1965eko urtarrilaren 1.ean, Pierrot familiaren etxera itzuli zen eta lan desberdinak egin zituen (garbigelako tresneria biltegizain, elektrikari), 1985ean erretretan sartu arte.
Pierrot Etchelecou Arbonako Primadera dantza taldearen sortzaileetarik da. Alabaina, 1973ko urriaren 6an Tribullenia etxean bildu zen buraso eta haur (kasik 80) biltzarraren ondotik, elkartea sortu zen, 1974ko otsailean. Primadera taldeak lehen ikusgarria urte bereko kermezaren karietara eman zuen, uztailaren 7an. Pierrot elkarteko lehen lehendakaria izan zen (10 urtez). Haren ondotik, Michel Dolosor (10 urtez) eta gero Anne-Marie Housset (11 urtez) izan ziren. Primadera taldeko dantzari eta txistulari zen alabak sustaturik, 1973tik 1987ra, Pierrotek atabala jotzen ikasi zuen eta tresna horren bidez taldea lagundu zuen, taldearen 30. urteburu arte (2003).
Grabaketak
# | Erref. | Izenburua | Data | Iraupena | Grabaketa herria | Elkarrizketatzaileak | |
---|---|---|---|---|---|---|---|
1 | MB-139 | Arbona, herri baten historia | 1978-10-07 | 0:17:03 | Arbona | Maite Barnetche | |
2 | ABO-001 | ABO-001 - Pierre Etchelecou | 2012-12-19 | 0:48:00 | Arbona | Ahotsak.eus | |
3 | 214 | 214 - Pierre Etchelecou | 2014-08-29 | 0:50:37 | Arbona | Terexa Lekumberri | |
4 | GI-ELEKETA-12 | Eleketa kronika #12: Pierre "Pierrot" Etchelecou | 2014-08-29 | 0:15:03 | Arbona | Terexa Lekumberri |
Pasarteak
Pasarte muntaketak
# | Izenburua | Iraupena | |
---|---|---|---|
1 | Arbonako Primadera dantza taldea | 0:13:22 |