Jacqueline Idiart 1941ean sortu zen Amendüzeko etxalde batean. Zortzi haurrideko familia bateko (bost anaia eta bi arreba) seigarrena zen. Herriko eskola publikoan ibili ondoan, haren errientsaren gomendioz, Donapaleuko Jeanne d’Arc kolegioko seigarrenean sartzeko lehiaketan parte hartu zuen. Lau urte geroago, lizeora joan zen, lehenik Donibane Lohizunera (Saint Thomas d’Aquin lizeora), eta gero Baionara (Villa Pia lizeora).
1960an Baxoa lortu ondotik, hiru urte eman zituen Parise eta Rouen-en artean: alde batetik, ikasle giristinoen mugimenduan (JEC) ardura postuetan, eta bestetik, unibertsitatean, matematika, fisika eta kimika ikasiz. 1964an, laborategi farmazeutiko batean hasi zen lanean, eta denbora berean 1969ra arte klaseak hartu zituen Arteen eta lanbideen goi mailako kontserbatorio nazionalean (CNAM).
1969tik 1971ra, bi laborategitan aritu zen lanean, eta 1971n Euskal Herrira itzuli zen, Euskal Herritik Parisera joana zen Battitta Larçabal senarrarekin batera, 1967an harekin ezkondu ondoan. Azpimarratzekoa da bere sortzezko deitura atxikitzea erabaki zuela. 1973an Otxanda alaba sortu zen (Idoia 1975ean).
Orduan, irakaskuntzan hasi zen, Hazparneko lanbide lizeoko irakasle gisa. Lanpostu horretan aritu zen 1999an erretiroa hartu zuen arte.
1972tik goiti, Jacquelinek lan egin zuen emazteek jendartean onarpen handiago bat ukan zezaten. Lehenik Emazteen askapenerako mugimenduan (MLF) sartu zen, gero Emazteak Iraultzan (1974) taldean, eta azkenik Euskal Herriko emazteen kolektiboan (1987).
Bestalde, haren senarra Battitta Larçabal-ekin batera, Zabal aldizkariaren sortzean parte hartu zuen 1973an, eta berantago Elkar argitaletxearen sortzean ere bai. Haren engaiamendu politikoaren ondorioz, 1989an 45 egunez Fleury-Mérogis-eko emazteen presondegian preso sartu zuten, bi euskal iheslari politiko aterpetzeagatik.
Grabaketak
| # | Erref. | Izenburua | Data | Iraupena | Grabaketa herria | Elkarrizketatzaileak | |
|---|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | 238 | 238 - Jacqueline Idiart | 2015-09-24 | 1:38:01 | Baiona | Terexa Lekumberri |
Pasarteak
| # | Izenburua | Iraupena | |
|---|---|---|---|
| 1 | Emazteak iraultzan : premisa | 0:06:51 | |
| 2 | Euskal Herriko emazteen kolektiboa : sortzea (1987) | 0:04:20 |
