Katti Etchart Larrandaburu

Sorturtea: 1956

Afiliazio herria: Larraine

Katti edo Catherine Etchart Créteil hirian sortu zen 1956ko uztailaren 19an. Haren burasoak Altzürükütarrak ziren. Ama Maddalen Jaragoyhen zuen, Abehea etxekoa, eta aita Dominika Etchart, Llarraki etxekoa. Hiru haurrideko familiako hirugarrena izan zen. Anaiak hauek zituen: Niko, Altzürükün sortua, eta Jean, Parisen sortua. Burasoak 1954an joan ziren Parisera bizitzera. Han, Dominikak giltzain lana aurkitu zuen Val-de-Marne departamenduko (94) parrokia batean, Saint-Maur-des-Fossés-en lehenik, eta gero Pariseko XIV. barrutiko Saint-Pierre-de-Montrouge parrokian. Maddalen aldiz atezain bezala aritu zen, alkandora-denda bateko saltzaile eta ikastetxe bateko administrazioan ere. Kattik France Télécom-en sartzeko lehiaketa gainditu zuen batxilergoa lortu ondoren, eta Parisen lan egin zuen 1983an Morlaàs-era lekualdatu zuten arte. 2010ean Euskal Herrira lekualdatu zuten: Atharratzen, Maulen eta Donapaleun egin zuen lan. Bere senarra, Larraineko Robert Larrandaburu, Pariseko Euskal Etxean ezagutu zuen, eta bi seme-alaba izan zituzten: Joana eta Beñat. Katti euskal giro batean hazi zen Parisen, baina aldi berean mundu paristarra ere ezagutu zuen eskolaren eta bestelako jardueren bidez. Haren aita euskarari biziki atxikia zitzaion eta ahalegin handia egin zuen bere seme-alabek hizkuntza ikas zezaten, bereziki euskal kantuen bidez. Haren amak aldiz, nahi zuen bere haurrek eta Parisen bizi ziren beste zuberotarren haurrek Zuberoako dantzak ikastea; horregatik, astean behin dantza klaseak ematen zituen Parisen. Dantza eta kantu hitzordu jarraiki horiek parrokiako geletan egiten ziren, haien etxearen azpian, eta familiaren bizimodua markatzen zuten. Dantza taldeak maiz agerraldiak egiten zituen Parisen barna, besteak beste Laborantza Azokan eta Pariseko Azokan; Maddalen arduratzen zen jantziak prestatzeaz. Familia igande arratsaldero joaten zen Pariseko Euskal Etxera, XVI. barrutira, mezara eta ondoko bazkarira. Etchart-Jaragoyhen familiak parte hartu zuen Pariseko Euskaldunek 1960ko hamarkadan emandako bi pastoraletan, bai eta 1970eko hamarkadaren bukaeran antolatu maskarada ttipian ere. Haurrek uda guziak Euskal Herrian pasatzen zituzten (Altzürüküko Llarraki etxean). Hara treinez joaten ziren beste ehunka euskal gazterekin batera; bidaia horiek Pariseko Eskualduna elkarteak antolatzen zituen. 1987an, Morlaàs-en bizi zela eta astebururo Larrainera itzultzen zela, Kattik Larraineko Erregetxopitak elkartearen sortzean parte hartu zuen, kantua eta dantza sustatzeko helburuarekin. Bertan, zuberotar dantzak hamazazpi urtez irakatsi zituen. Bestalde, Zuberoako Aitzindariak elkartea sortzen ere lagundu zuen.

Grabaketak

# Erref. Izenburua Data Iraupena Grabaketa herria Elkarrizketatzaileak
1 454 454 - Katti Etchart Larrandaburu 2025-05-15 2:16:25 Larraine Argitxu Camus

Pasarteak

CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.