Jacques Lannes 1954ko irailaren 2an sortu zen Biarritzen, Larue-De Charlus medikuaren klinikan, burasoen etxetik hurbil zegoelako. Bost haurrideko familia bateko laugarrena zen, horietan lau neskak zirelarik. Aita Parisen lanean ari zenez, urtebete eman zuen han (Montera karrikan), eta 1956an, familia Castor auzora joan zen bizitzera. Jacques-ek haurtzaro osoa han iragan zuen.
Lehen mailako ikasketak Saint-Amand eskolan egin zituen, serora Frantziskano batzuek kudeatu erlisionedun eskola batean, non irakasleak serorak edo zibilak ziren. 1965eko irailean, seigarrenean sartu zen Baionako Marracq-eko mutilen lizeoan (egungo Marracq kolegioa), eta han bi ikasturte iragan zituen. Laugarrena (1967-1968) Domintxainen egin zuen, diziplina zorrotzagatik ezaguna zen erlisionedun eskola batean, haren eskola emaitzak ez baitziren hain onak. Han CEP agiria lortu zuen, zuzendariak laugarreneko ikasle guziei pasarazten zien titulua. 1968ko irailean, Marracq lizeoan (ordurako CES Marracq mistoa bihurtua) berriz sartu zen. Han, bi hirugarren egin eta azkenik BEPC agiria eskuratu zuen. Ondotik, teknika irakaskuntza labur bat hautatu eta Baionako San Andres auzoko Paul Bert lizeo teknikoan sartu zen. Han, elektroteknikako CAP eta BEP agiriak lortu zituen 1972ko ekainean.
Jacques Lannes 1972ko azaroan sartu zen lan-munduan, Biarritzeko sarrailagile eta burtzinlari baten lantegian. Hilabete batzuk geroago, bere formakuntzari egokitutako lanpostu bat atzeman zuen Angeluko industria-elektrizitate enpresa batean, baina arrazoi ekonomikoengatik handik kanporatua izan zen 1974ko maiatzean.
1974ko ekainean soldadugora deitua izan zen, eta hamabi hilabete eman zituen Morhange-n (Moselle). 1975eko uztailean, Arjuzanx-eko (Landak) lantegian hasi zen lanean langile profesional gisa. Lignitoarekin ibiltzen zen zentral elektriko bat zen, EDF-k ustiatua, eta egun osoko txandetan aritzen zen lanean (3 x 8 eta 2 x 8), zentralaren ondoko aire zabaleko meategian. 1977ko urtarrilean, postu bat lortu zuen Saint-Lary-ko (Pirinio Garaiak) zentral hidroelektrikoen elkargoan.
1978ko urtarrilean, lan istripu baten ondoren, zentral horien mantentze-lanetarako tailerrean sartu zen. 1978ko azaroan, haren lotura kultural eta sentimentalek Baionatik hurbiltzera bultzatu zuten, eta Baionako EDF-GDF zentrora leku aldatu zen. Orduan, lurpeko kableetan eta transformazio-postuetan lan egin zuen 1986ra arte.
Garai hartan, Danielle Duhalde-rekin ezkondu eta 1983-1984an etxe bat eraiki zuen Uztaritzen. Semea, Antton, 1984ko abenduan sortu zen, eta alaba, Arantxa, 1987ko azaroan. 1996an banandu eta 2008an Hazparneko Geneviève Barbace-rekin ezkondu zen berriz. Biak Baionan bizi dira, Saint Bernard auzoan.
1986 eta 1993 urteen artean, teknikari lanpostu bat ukan zuen Baionako EDF-GDF Zentroko "Kontagailuak eta Neurketak" zerbitzuan.
Aldi berean, EDF-GDF-eko CFDT sindikatu-sekzioan militante gisa inplikatzen hasi zen. 1991tik goiti denbora erdiz hasi eta 1993an denbora osoko permanente bilakatu zen. 1997an, eskualde mailako eta geroago Frantzia mailako jardueretarako galdetu zuten. 2000tik 2008ra, bere sindikatu-militante lanaren parte nagusia Parisen egin zuen, astelehen goizetik ostegun arratsaldera arte.
2008an, EDF-GDF enpresaren zatiketak (enpresa eta adar ezberdinetan) direla eta, ERDF-en (EDF-en banaketa-filiala) ordezkari sindikal zentrala (DSC) bilakatu zen, beti ere CFDT sindikatuaren izenean.
Urte bateko Banakako formakuntza geldialdi (CIF) baten ondotik, 2009. urtearen bukaeran erretiratu zen. Jacques Lannes Baionako Kastoreen lehen proiektuaren sustatzaile eta egile nagusia izan zen Jean Lannes-en semea da.
Grabaketak
| # | Erref. | Izenburua | Data | Iraupena | Grabaketa herria | Elkarrizketatzaileak | |
|---|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | 261 | 261 - Jacques Lannes | 2016-02-04 | 1:02:40 | Baiona | Terexa Lekumberri |
Pasarteak
| # | Izenburua | Iraupena | |
|---|---|---|---|
| 1 | Baionako "Cité des Castors de Saint-Amand" auzoaldea : leku amankomunak | 0:06:34 | |
| 2 | Castor izpiritua | 0:05:20 |
