Marie Jeanne edo Maijan Cachenaut 1936ko apirilaren 19an sortu zen Iholdiko Oihanartia laborari etxean. Aita, Beñat, etxe hartakoa zen, eta ama, Marceline, Donoztiritik etorria. Denetan, sei haurride ziren: bi neska eta lau mutiko. Bere anaiak bezala, Marie Jeanne Iholdiko eskolan ibili zen eta etxeko laborantza lanetan parte hartzen zuen. Hamalau urtetan lehen ikasketetako ziurtagiria lortu zuen, eta ondotik, herriko serorek etxeko lanak egiten ikasteko ematen zituzten klaseak segitu zituen hamazazpi urte bete arte. Hogei urterekin, Angeluko Notre-Dame du Refuge etxera joan zen bizitzera, eta Mariaren zerbitzarien kongregazioko serora bilakatu zen. 1957an, sei hilabetez galdatzaile izan ondoren, erlisione jantzia hartu zuen; eta ondorengo formakuntza urtea (nobizio aldia) bukatzean, Baudreix-era igorri zuten, jendarte zailtasunak zituzten neska gazteekin lan egitera. 1960an, kongregazioko serora nagusiak Argentinara joateko eskatu zion, han zegoen kongregazioarekin lan egiteko. Marie Jeanne lehenik Buenos Aires-era joan zen, gero Monte Grande-ra, eta irakasle izateko ziurtagiria lortu zuen. 1965ean, Monte Grande-ko Nuestra Señora eskolan lanean hasi zen, eta geroago eskola hartako zuzendari edo legezko ordezkari bihurtu zen. 1987an, Ascensión-eko eskola batean lanpostu bat hartzeko eskatu zioten. 1994an, berriz ere Monte Grande-ko eskolara itzuli zen lanera, eta 1996an erretiroa hartu zuen. 1997an, abantzu berrogei urtez Argentinan egon ondoren, Angeluko Notre-Dame du Refuge etxera itzuli zen bizitzera. Han kongregazioko ekonomo lana bete zuen. Hala ere, lotura estua atxiki du Argentinarekin: 2005ean hara bisitan itzuli zen, eta Euskal Herritik pasatzen diren hango aspaldiko ezagunak ere errezebitzen ditu.