Marie-Jeanne Metche Pagolako Aguerehonia etxean sortu zen 1926ko otsailaren 7an. Ama Lanbarrekoa zuen (Urdiñarbe) eta aita Lohitzunekoa. Seme-alabarik ez zuenez, amaren ahizpak bere iloba Sauveur Metche-ri (Marie-Jeanne-ren aitari) utzi zion Aguerehonia etxaldea oinordetzan. Marie-Jeanne bost haurrideko familiako azkena zen. Etxaldea herrigunetik hiru kilometrotan zen eta etxea nahiz lurrak maldan kokatuak. Bost urtetan hasi zen Pagolako eskola publikoan ibiltzen, bera baino bost urte zaharragoa zen Beñat anaiak herriko eskola utzi eta kolegiora joan arte. Marie-Jeanne biziki bihurria zen, baina eskolan bizkor ikasten zuen. Hamabi urtetan Zertifikata lortu ondoren, asmoa ikasketak segitzea zen, baina errientsak, seigarren haurra izan berritan, ez zuen ikuskatzaileari igorri behar zitzaion eskaera gutuna postaz bidali. Haren bi anaia zaharrenak 1939an Alemanian preso hartu zituztenez, gerla garaian etxaldean lan egin zuen. Mateus anaia zaharrena Alemaniatik ihes eginik etxera itzuli zelarik, Mauleko Tartachu-ren etxera joan zen bizitzera eta lan egitera, zurezko eskalapoinak egiten zituen tailer batera. Lau urtez lan egin zuen Serorekin Salies-en, eta ezkontzetan sukaldari laguntzaile bezala ere aritu zen, gero Parisera abiatu aitzin. Han, etxe burges batean neskato gisa lan egin zuen. Haren senargaia, Barkoxeko Johañe Biscay, Parisen bizi zen eta hotel handi batzuetan egiten zuen lan. 1954an Pagolan ezkondu ziren, eta Porte de Clichy auzoko bederatzi metro koadroko gela ttiki batean plantatu ziren. André izeneko lehen semea sortu ondoren, Marie-Jeanne Citroën lantegian hasi zen lanean, besteak beste pistola-tintatzaile gisa. 1960an Euskal Herrira itzuli ziren, Mugerreko Bigo ostatua erosi ondoren. Johañek lantegi batean egiten zuen lan eta Marie-Jeannek ostatua zeraman. Daniel bigarren semea sortu eta, Baionako Moka PMU ostatua erosi zuten, eta han lan egin zuten erretiroa hartu arte. Moka ostatua beti familiarena izan da geroztik: lehenik Daniel semeak eta gero bi semetxiek hartu zuten beren gain.