Chantal Torre

Sorturtea: 1947

Afiliazio herria: Mugerre

Miguel Torre 1944an sortu zen Bilbon. Lau haurrideko familia bateko gazteena zen. Aita amarekin Bilbora etorri zen Bizkaiko Meñaka herritik. Artekale auzoan bizi ziren eta bertan saltegi bat bazuten. Gerla zibilaren garaian errepublikanoen alde borrokatu zen, eta bere seme gazteena eskola frankista batera igortzeari uko egin zion.

Bederatzi urtetan, Miguelek eskolaldia hiru emakume ezkongabek zuzentzen zuten “akademia” batean hasi zuen (bost urtetan irakurtzen bazekien). Ondotik, urtebetez segitu zuen Derioko jesuiten seminarioan (1954-1955), eta gero Kantabriako Comillaseko Aita Sainduaren Unibertsitatean (1955-1964). Ikasketak Salamancan (1965-1966) eta Okzitaniako Tolosan (Rangueil-eko Unibertsitatea: 1966-1968) segitu zituen. Chantal han ezagutu zuen.

Bilbora itzuli eta diziplinako soldadugoa 1969-1970 urtean egin zuen Burgosen (ateratzeko baimenik ez zioten eman, komunista izatea eta ETArekin harremanak bazituela susmatzen zutelako). 1968ko urritik goiti Bilbon bizi zen Chantal-ekin, baina 1970eko bukaeran Ipar Euskal Herrira itzuli behar izan zuten, haien engaiamendu politikoa Espainia frankistan gaizki ikusia baitzen. Iritsi bezain laster, diskretuki ezkondu ziren, eta hiru seme-alabak Baionan sortu ziren, 1972, 1974 eta 1978an.

Miguel salmenta zuzendari izan zen Izarra likoreen enpresan (1972-1991), eta ondoren Kanboko Xalbador Ikastegiko kontulari (1991-2004).

Chantal Torre Austrian sortu zen 1947an, nahiz eta bere familia Provence eskualdekoa izan. Sei haurridez osatu familiak (hiru Bigarren Mundu Gerlaren aitzinetik sortuak, beste hiru gerlaren ondotik), militar profesionala zen aitaren lan toki aldaketak segitu zituen: lehenik Grenoble-ra, non Chantalek Stendhal lizeoan ikasi baitzuen 6.era arte (1950-1958), eta gero Lyon-era (Edouard Herriot nesken lizeoa eta unibertsitatea, 1958tik 1968ra).

1968ko apirilean, Okzitaniako Tolosan Miguel ezagutu ondoren, harekin Bilbora joan zen eta soldadugo garaian, Burgosera joaten zitzaion ikustera. Espainiako poliziak mugaz bestaldera igorri zuen, susmatzen baitzuen hura ere legez kanpoko jardueretan aritzen zela.

Orduan, Ipar Euskal Herrian finkatu eta 1970 bukaeran Miguelekin ezkondu zen. 1972ko apirilean, lehen semea sortu baino 15 egun lehenago, Ekonomia eta Sozial Zientzietako CAPES-a lortu zuen, eta horri esker Akizen (1972-1974) eta gero Baionan irakatsi ahal izan zuen erretiroa hartu arte (1974-2004: Paul Bert eta gero Louis de Foix lizeoetan).

Miguel eta Chantal 1970 eta 1980ko hamarkadetako mugimendu kulturaletan (ikastolak, euskararen irakaskuntza helduentzat), politikoetan (PSU alderdia eta gero mugimendu abertzaleak) eta ekonomikoetan (bereziki Chantal) inplikatuak izan ziren.

Grabaketak

# Erref. Izenburua Data Iraupena Grabaketa herria Elkarrizketatzaileak
1 299 299 - Miguel Torre - Chantal Torre 2017-10-10 1:57:12 Mugerre Terexa Lekumberri

Pasarteak

CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.