Thierry Truffaut

Sorturtea: 1957

Afiliazio herria: Baiona

Thierry Truffaut 1957ko ekainaren 8an sortua da Baionan, Santespirituko familia gaskoi batean.
Haur denbora Capbretonen iraganik, 1973an, Baionako René Cassin lizeoan sartu zen. 1974an hasi zen Euskal Herriko historiaz eta ondareaz interesatzen.

1975etik 1977ra Frantziako historiagile gazteen kide izanik, Gure Kondaira sortu zuen René Cassin lizeoan, 1975etik 1979ra, gazteei Euskal Herriko historia ezagutarazteko asmoz, eta Lauburu (Michel Duvert-ekin) eta Etniker iparralde (José Miguel Barandiaran-en gidaritzapean) elkarteetan sartu zen.

1976an, Baionako bisita gidatuak antolatzen hasi zen. Haren kontzientzia militantea garai hartan agertu zen eta Mende Berri mugimenduan sartu zen. Mugimendu haren helburua lizeoko eta unibertsitateko ikasleak euskalduntasunaz ohartaraztea zen.

Thierry Truffaut-ek baxoa 1977ko ekainean erdietsi zuen eta historiari nahiz kulturari buruz ikasten segitu zuen, Eugène Goyhenetche bezalako aditu batzuei esker. Harekin, Ibañeta batzordean ari izan zen, batzorde haren eginkizuna Orreagako guduan Euskaldunek erdietsi garaipenaren hamabigarren mendeburuaren antolatzea zelarik. Urte batez Paueko Unibertsitatean egon ondoan, Baionako Balichon auzoaldeko MVC etxean animatzaile gisa hasi zen, 1978ko irailean. Zentro hartan iragan zituen urteetan (1978-1981), Euskal Herriaren errealitateari buruzko sentsibilizazio lan handia burutu zuen, bereziki kulturari eta dantzari loturik.

1979an, haren ikerketek aukera eman zioten urte batzuk bazterturik egon zen Hartzaren maskara Lapurdiko tradizioetan berriz agertarazteko. 1981eko hondarrean zentroa utzi eta, Betti Betelu bere dantza-maisuarekin, bere aitaginarreba bilakatuko zen Pierre Gil-ekin (Begiraleak dantza taldekoa), Claude Iruretagoyena-rekin eta beste militante batzuekin batera, Lapurtarrak elkartea sortu zuten. Egiazko baliabide-gune hori dantzaren irakaskuntzaren eta ikerketaren bidez Lapurdiko dantza-tradizioak berreskuratzea zuen helburu; elkarte hori izan zen euskal jauzien berreskurapenaren eta berrabiatzearen bultzatzaile nagusia. Garai berean, etnologiako ikasketak berriro harturik, Claude Gaignebet irakaslearekin eta Jean Dominique Lajoux zinemagile eta etnologoarekin adiskidetu zen; horri esker, oraino sakonago murgildu zen ikerketa etnografikoan, bereziki bestarekin (inauteriak eta maskaradak barne), Euskal Herriko dantzarekin eta mitologiarekin lotutako alorretan.

Lekuaren gainean egin lan handia erakusten duten argitalpen, hitzaldi eta erakusketa anitzen artean, bi liburu garrantzitsu aipa daitezke Elkar argitaletxearekin argitaratuak izan direnak: Joaldun et Kaskarot. Des Carnaval en Pays Basque (2005) eta Des Ténèbres à la Lumière. Ihauteri, Carnaval (frantsesez eta euskaraz argitaratua, 2025ean). 

Lapurdiko inauterien ohiturei buruz hogeita hamar urtez herriz herri eraman inkestari esker, 1985ean Jose Miguel Barandiaran beka irabazi zuen, etnologia sailean. Ikerketa hori osoki argitaratua izan zen (Vers un Inventaire des traditions carnavalesques et hivernales de la province du Labourd), 2011n.

Euskal Dantzarien Biltzarreko ohorezko lehendakari da, 1984tik 1987ra lehendakari izan ondoan.
Pariseko zientzia sozialetako goi ikasketetako eskolako diploma badu (EHESS), bai eta antropologia alorreko ikasketa aitzinatuen agiria (DEA) ere. Halaber,  zientzia sozialetako goi ikasketetako eskolako antropologia sozial eta historikoa-ko doktorego-eskolako ibilbide osoa egin du.

Tolosa Okzitaniako Jean Jaurès Unibertsitateko elkartasun, jendarte, lurralde, diziplina anitzeko laborategiko (LISST) antropologia zentroko kide izan ondoan, Euskal kultur erakundeko Etnopoleko kide elkartua ere izan zen 2019tik 2022ra. Garai hartan, Terexa Lekumberri-rekin batera, Ondare Kultural immaterialaren Inbentario Nazionalerako 9 inbentario-fitxa idatzi zituen Ipar Euskal Herriko tradizioei buruz.

Thierry Truffaut erreferentziazko pertsona da inauterien, mitologiaren eta euskal, gaskoi eta Pirinioetako dantza-tradizioen alorrean.

1984an ezkondurik, hiru semeren aita, 1985az geroz Gers eskualdean bizi da, non Aire-sur-l'Adour herriko Jean Sarrailh medikuntza eta pedagogia klinikako animazio zerbitzuko arduradun ere izan den. 

Estatuko gazteriaren, hezkuntza herrikoiaren eta kirolaren goi-diplomaren titularra da (animazio sozial-hezigarri eta kulturaleko opzioarekin), eta Frantzia mailan zirku-arteen irakaskuntza garatzen lan egin du, Fédération Française des Écoles de cirque federazioan urte luzez administratzaile gisa eta zirku egokituaren kontzeptuan eta Association Française de Cirque Adapté elkartearen sortzean parte hartuz.

Halaber, Akitania Berriko kultura eta osasun trebetasunen poloko lehendakariorde izan zen, bi arlo horien arteko elkarlana sustatuz, besteak beste, Kultura Eskubideen mailan.

Irakur ere

Grabaketak

# Erref. Izenburua Data Iraupena Grabaketa herria Elkarrizketatzaileak
1 230 230 - Thierry Truffaut 2015-03-16 2:20:02 Baiona Terexa Lekumberri

Pasarteak

CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.